Irati Mitxelena eta Martin Segurola, Altamirako bi izar
Maisulana egin dute donostiarrek, luzera-jauzian eta 800 metrotan. Bolondresen eta erakunde publiko zein pribatuen «lana eta konpromisoa» eskertu ditu.
Irati Mitxelena, argazkiaren erdian, urdinez. Hitza Harro egoteko moduan dira Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeko kideak. Larunbatean jokatutako Jose Antonio Peñaren Oroimenezko X. Ordizia Mitingak maila goreneko atletismo ikuskizuna eskaini zuen, bai pistan ikusitako emaitzengatik, bai harmailan sortutako giroagatik.
Argi geratu zen hitzorduak beste jauzi bat egin duela kalitateari dagokionez, eta parte hartu zuten atletek ezin hobeto erantzun zioten antolakuntzak egindako apustuari. Antolakuntza taldeko kide den Egoitz Iztuetaren hitzetan, aurtengo edizioa «inoizko mailarik altuena» izan da, eta kirolariek «sekulako erakustaldiak» eskaini dituzte. «49 urtez indarrean egon diren Euskadiko errekorrak hautsi dira, baita Gipuzkoako hainbat marka eta Europako Txapelketarako gutxienekoak ere. Proba asko benetako erakustaldiak izan dira, eta horrek harmailak zein egun osoan sortutako giroa piztu ditu», adierazi du.
Iztuetak bereziki nabarmendu ditu Irati Mitxelena eta Martin Segurola. Mitxelenak luzera-jauziko proba irabazi zuen 6,77 metroko jauziarekin; Segurolak, berriz, 800 metroko lasterketan gailendu zen, minutu bat, 44 segundo eta 95 ehuneneko denborarekin.
Atletismo zaleen gozatua
Altamira estadioan bildutako 1.200 atletismo zaleek goi mailako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Harmailak eta horretarako jarritako eserleku gehigarriak bete egin ziren, eta zuzeneko emisioak ere inoiz baino jarraipen handiagoa izan zuen.
«Publikoaren erantzuna bikaina izan da. Inoiz baino jende gehiago etorri da mitinga ikustera, eta streaming bidezko jarraipenak ere sekulako arrakasta izan du», azaldu du Iztuetak. Bere esanetan, gaztelaniazko YouTubeko emisioak 8.000 erreprodukziotik gora izan zituen egun berean; ingelesezkoak, berriz, 150.000 baino gehiago.
Iztuetaren ustez, datu horiek azken urteotan mitingak lortu duen hazkundearen eta nazioarteko proiekzioaren isla dira. «Antolakuntzaren aldetik urtez urte hobera egiten ari garela ikusten dugu, eta oso positiboa da ekimenak hartzen ari den oihartzuna», adierazi du.
Konpromisoari aitortza
Era berean, urte osoan zehar proiektua posible egiten duten boluntario, babesle eta erakunde publiko zein pribatuei eskerrak eman dizkie. «Konpromisoa gero eta handiagoa da, eta haien lana ere aitortu nahi dugu. Proiektuan sinesten dute, atletismotik harago doan ekimena delako eta herriari, eskualdeari nahiz lurraldeari balio handia ematen diolako».
Orain, atseden hartzeko garaia iritsi zaie antolatzaileei. «Nekatuta gaude, bai fisikoki bai mentalki. Azken hilabeteetako lana handia izan da. Hala ere, neke gozoa da, gauzak ondo ateratzen direnean are gehiago», azaldu du. Hamargarren edizioa amaituta, hobetu beharrekoak identifikatu, balorazio orokorra egin eta datorren urteko edizioari begira jarriko dira.
SAILKAPENAK
Luzera
1. Em: Irati Mitxelena. 6.77.
1. Giz: Jaime Guerra. 7.99.
1500 metro
1. Em: Silan Ayyildiz. 4.05.29.
1. Giz: Mehmet Celic. 3.36.86.
800 metro
1. Em: Marta Mitjans. 1.59.28.
1. Giz: Martin Segurola. 1.44.95.
400 metro
1. Em: Astri Ertzgaard. 52.46.
1. Giz: Toby Harries. 45.59.
100 metro
1. Em: Gloria Hooper. 11.43.
1. Giz: Erik Cardoso. 10.11.
110 metro hesiak
1. Giz: Mondray Barnard. 13.24.
100 metro hesiak
1. Em: Sidonie Fiadanantsoa. 13.06.
Pisua
1. Em: Belen Toimil. 17.70.
* Beltzez, probako errekorrak.













