Kutsadura-eragina gutxitu dadin, neurriak hartzen hasiko da Olaberria 2021ean
Kale-argiteria led teknologia aldatzen jarraitzeaz gain, eguzki plakak kokatuko dituzte udaletxean. Auto elektriko bat erosiko dute, herri lanetarako. Ihurre berritzen bukatzea da beste lan bat
Olaberriko herrian, ingurumen arazoei aurre egiten hasteko hainbat ekimen abiaraziko ditu udalak 2021ean. Karbono isuriak gutxitzeko, zenbait neurri hartuko ditu, batetik. Kale-argiak argindar kontsumo txikiagoko led teknologiara birmoldatzeko urratsak egiten jarraituko dute, zenbait kaletako edo auzunetako farolak egokituta. Bestetik, eguzki-plakak kokatuko dituzte udaletxean, bertako energia beharrak autoekoizpenarekin asetzeko asmoan.
Udalbatzak azaroaren 19ko ohiko osoko bilkuran onartu zuen 2021eko udal aurrekontua, eta han jaso dituzte ingurumen gaietarako inbertsioak eta ekimenak. Udalaren herri-lan taldearentzat auto elektriko bat erosiko dute. Hala, udaletxeko plaka fotovoltaikoek sortutako energia, goizean udaletxeko beharretarako izango da, eta arratsaldeetan autoaren bateriak kargatzeko.
«Kontsumoak eta karbono aztarnak Agenda 2030era bihurtzen joan behar dugu. Esfortzua egiteko asmoa dugu arlo horretan. Argiteria publikoa kontsumo aldetik murrizteko, batetik, led-era pasatuta. Eta udaletxean jarriko ditugun eguzki panelekin, bestetik», azaldu du Olaberriko alkate Jokin Garmendiak.
Aurrekontua 2.584.863 eurokoa da. Gastuak mantenduko dituzte. 2020rako zeukan aurrekontuaren azpitik geratuko da, hala ere: 2.608.150 eurorekin egin dio aurre udalak urteari.
Tiro zelaiko lurrak
Ingurumenarekin lotutako beste jarduera bat, tiro zelai zaharraren inguruan garatuko dute. Inbertsioen ataleko diru-sail garrantzitsua hartuko du, 250.000 euro ingurukoa. Tiro zelaiko praktiken ondorioz barreiatutako metal eta plastiko kutsadura arintzeko, lurzorua berreskuratuko dute.
«Isolatu egingo da kutsadura gehien dagoen tokia, eta gainazala birsortu, laborantzarako edo basotarako. Kostu potoloa dauka, milioi larudenekoa. Jaurlaritzaren diru laguntza batera daukagu lotuta proiektu hori», argitu du alkateak.
Gainontzean, azpiegituren atalean Ihurre auzoan burutuko du udalak 2021ean obra handiena, azken urteetan bezala. Kale zati bat geratzen da auzoa guztiz berritzeko, eta urbanizazioa txukuntzeko lana aterako du lehiaketara. «Aurreikusten dugu horrekin errematatuko dugula jada Ihurreren berrikuntza, datorren urtean».
Baserri bideak egokitzeak osatuko du inbertsioen atala.
Aurtengoak, eginda jada
COVID-19ak gizarte osoa itzulipurdikatu duen urtean, bukatutzat emanda dauzka jada Olaberriko Udalak 2020rako zeuzkan proiektuak. Altuna industrialdetik kaskora errepidea egokitzea izan da obra bat, eta bukatuta dago dagoeneko. Oinezko eta auto erabilera mistoa du, baina bertako bizilagunak ibiltzeko lehentasuna dago. Ihurreko ostatuaren esleipena bukatzen ari dira, bestetik.
2021erako, Gizarte Zerbitzuek izango dute zeresana eta lana. Aurrekontua igo egin dute esparru horretan. Larrialdietarako eta komertziorako diru laguntzen sail bat ere izendatu dute.