Abenduaren 20an egingo dute Alaken azoka Idiazabalen
Alaken Gabonetako azoka txikia aurten ere egingo dute Idiazabalen. Iaz lehenengo edizioa egin zuten eta izan zuen arrakastaren ondoren, Idiazabalgo Udalaren Kultura batzordeak. II. edizioa egitea erabaki du. Udalak ohar baten bidez adierazi du abenduaren 20an egingo dutela «egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak betez».
«Iaz parte hartu zuten saltzaileekin egindako bileratik jasotako balorazio positiboak ikusita, berriz antolatzeari ekin zaio». Udalak herritarrei aurtengo azokan postua jarriz parte hartzera dei egin die, «sortzaile edo artisau moduan, bigarren eskuko objektuen salmenta edo trukea eginez edo bestelako proposamenekin».
Asteazkena, azken eguna
Azokan parte hartu ahal izateko, eskainiko dena adierazi eta izen-abizenak eta kontaktua eman behar dira udaletxean datorren asteazkena, abenduaren 16a, baino lehen. Postuak jartzeko espazioa aurrez esleituko dute, eta Idiazabalgo herritarrek izango dute postua jartzeko lehentasuna. Ikusgai dauden kartel, txartel eta eskuorriak euskaraz edo euskaraz eta gazteleraz idatzi behar dira. Postuen muntaia 09:00-etan hasiko da eta 11:00etan irekiko dute azoka, eta azokan parte hartzen dutenen artean saski bat osatuko dute herritarren artean zozkatzeko.












