'Opil eta muxilen binetak' erakusketa ikusgai dago Ordizian
Opil eta muxilen binetak erakusketa ikusgai dago D’Elikatuz zentroan, Ordizian. Erakusketa hau, beste jarduera batzuekin batera, LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duten Erdialdeko Amerikako eta Euskal Herriko erakundeen arteko koordinazio-espazioak sortzen proiektuaren parte da. Honakoa, Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proiektu bat da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatutakoa da.
LGTBI+ kolektiboko pertsonek bizi dituzten zailtasunak eta aurre egin beharreko erronkak, hala nola Euskal Herrian nahiz Latinoamerikako hainbat herrialdetan bizi dituzten errealitateak gizarteratzen dituzte bi erakundeek. Elkarren arteko ezagutzatik gizarte hobe bat lortu daitekeela uste dute eta.
Abenduaren 13ra arte egongo da ikusgai erakusketa. Ordutegiari dagokionez, gaur 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da. Bihar, osteguna, eta etzi, ostirala,09:00etatik 13:00etara. Larunbatean eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Sarrera doakoa da.













