Gabon kantuak, kontutan aurten
Zaldibian Gabon egunean ez dira aterako euskal presoen alde kantu-eskean, izurriteak hartara behartuta. Bertso egileekin solasaldia egingo dute, bihar. Osagai ilustratuak salduko dituzte.
Ezohiko Gabonak izango dira 2020ak. Goierrin horren sustraituta dagoen Gabon eguneko kantu-eskeko ohiturari ere bete-betean eragingo dio, eta debekatuta egongo da, COVID-19aren zabalkundea eragozteko. Zaldibian, euskal presoen alde urtero ibiltzen den taldeak ere iragarri du ez direla etxerik etxe ibiliko, baina ordezko ekimenak badituzte.
Batetik, eskean erabiltzen dituzten bertsoen inguruko solasaldia antolatu dute. Zaldibiako antzokian, bihar 18:00etan izango da juntadizoa. Segurtasun neurriak eta kopuruak zehazteko, sarrera kultur etxean hartu behar da, aurrez. Mielmari Jauregi eta Aloña Jauregi bertso egileek emango dituzte beren sorkuntzen azalpenak, eta Saroi Jauregik dinamizatuko du.
Euskal Herriko garai eta gertaera asko islatzen dituzte zaldibiarrek gabon bertsoetan, egoera soziopolitikoari jarriak baitira. «Duela 30-40 urte atzerako bertsoak badira. Urtero bertso berak kantatzen ditugu, baina asko galdu dugu nondik datozen nozioa. Helduek komentatzen digute zeinen ongietorrikoak diren batzuk, edo herbestera joandako harena… baina inoiz ez formalki eserita jarrita. Aurten ezingo dugunez kantu eskean irten, aukera polita iruditu zaigu solasaldia egiteko», azaldu du Maialen Mendizabalek.
Solasaldia bideoan grabatuko dute, etorkizunerako gordeta gera dadin, «kasualitatez kantuan ibiltzeko ohitura hau galtzen bada ere». «Belaunaldien arteko transmisioa egitea da helburua, eta gure ohituren eta egoeren berri ematea ere bai». Mendizabalekin batera, Ihintza Regil, Uxue Ganuza eta Irati Garmendia gazteek hartu dute presoen aldeko kantu taldearen ardura. 80-100 lagun bitartean ibiltzen dira abenduaren 24ro.
Aurten ezingo dute, ordea. Baina etzi, larunbata, goizean zehar baserriz baserri igaroko dira taldeko ordezkariak, urteroko elkartasuna eskertu, eta etxekoei bertsodun pergamino bat oparitzeko.
Katilua, poltsa eta nikia
Euskal presoei bideratzen diete gabon eskean bildutako dirua. Aurtengo gabezia ordezkatzeko, osagai batzuk sortu dituzte: poltsa, kamiseta eta gosaritarako katilua. Txakur Gorria etxekoek ilustrazio bana egin diete, bere azalpenarekin. Salgai ipiniko dituzte gai horiek, bihar solasaldiaren ondoren, 24an goiz eta arratsalde, eta 31 arratsaldean.
Osagaien salmentatik lortutakoa zuzenduko diete presoei.