Seguran ere itxi egingo dituzte tabernak
Beasainen, Ordizian eta Zaldibian itxita jarraituko dute tabernek. Seguran ere ixtea erabaki du Jaurlaritzak, tasa altua dela eta.
Lehen kolpean Ordiziarekin, eta astelehenean Beasainekin eta Zaldibiarekin egin bezala, Eusko Jaurlaritzak Segurako tabernak ere ixtea erabaki du. Gaur egin dute datuen berrikuspena. Segurak igoera handia izan du azken aldiko datuetan (astebetean 18 positibo), eta une honetan, 1904,14ko tasa du, Gipuzkoa osoko daturik altuena.
Beste herri batzuetan ere igo egin da inzidentzia tasa azken egunetan, eta kezka sortu du horrek. Araman, esaterako, 1485,15eko tasa dute, eta bi positibo izan dituzte aste honetan. Altzagak (531,91), Ataunek (573,07), Ezkiok eta Itsasok (621,12) ere gainditzen dute 500eko tasa hori.
5.000 biztanletik beherako herrietan, osasun eremuak eta herriak inzidentzia tasa gainditzea eta astebetean 2 kasu baino gehiago izatea dira tabernak ixteko neurria hartzeko jarri dituzten baldintzak. Jaurlaritzak astean bitan errebisatuko ditu datu horiek, astelehenetan eta ostegunetan.
Tasa gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako herriak (inzidentzia tasa):
- Ordizia ……………….. 742,23
- Beasain ………………. 651,44
Tasa gainditzen duten 5.000 biztanletik beherako herriak (inzidentzia tasa / astebeteko positiboak):
- Segura ………………… 1904,14 ……… 18
- Zaldibia ………………. 552,15 ………. 8