Begia bertako letrei jarrita
Goierriko idazleengan eta musikariengan arreta ipinita egin dira liburu eta disko azokak. Bertakoa erakusteko eta horri balioa emateko berebizikoak dira azokak
Baratzeko eta baserriko jakiekin bakarrik ez. Kulturan ere bertako elikagaia zaindu, erakutsi eta kontsumitu behar da. Bertakoaren erakusleiho funtzioan, Goierriko liburu eta disko azokek balio izugarria dute, eta asteburu honetan ere erakutsi dute. Lazkaon, Ataunen eta Seguran, pandemiak zauritutako Goierriko liburugintza eta diskogintza sektorea bizi dela adierazi dute, eta arnasa eman.
Argitaletxeek eta banatzaileek herri txikietako azoketara bidaltzen duten eskaintza mugatua izanda ere, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute aurten ere bertako idazleei ahotsa ematen eta aurpegia jartzen. Ataunen, azoka digitala egin dute, eta atzo, gaur eta bihar banatuko dizkiete erosleei erosketak.
Amaia Telleria idiazabaldarrak Haize-lekuak eleberria aurkeztu du, Ataunen. Lehengo igandean, Monika Arratibel ataundarra izan zen. Astean zehar, baita Koldo Alijostes amezketarra eta May Gorostiaga antzerkigilea ere.
Lazkaon, Eneko Aizpurua herritarra eta Ane Odriozola legazpiarra gonbidatu dituzte azokara, beren azken liburuak aurkezteko. Irakurleek, lanak erosteaz gain, egileen eskaintza sinatua jasotzeko aukera ez dute galdu. Herenegun, berriz, Eneko Dorronsoro trikitilari ataundarrak Agirre diskoaren berri eman zuen. Goierriko ekoizpenak izurritea jasan bai, baina izorratua ez dagoen seinale.
Udalen ekarpenari esker, gainera, %15 merkeago.
‘Miñaripe’, Segurako izarra
Segurako Botikaxarrean ere urteroko liburu aidea arnastu da, asteburuan. Xabier Crehuet musikari ordiziarraren diskoaren aurkezpena eta Jakoba Errekondoren liburuarena astera aurreratuta, lehiaketei tokia egin diete. Herriko egutegiko argazki lehiaketan lehen saria Iker Zabalak lortu du, eta bigarrena Joseba Telleriak.
Begiradak eta salmentetan lehen postua eskuratu duena, halere, Miñaripe herriko mahai jokoa izan da. «Binaka eta hirunaka ari da jendea erosten. Azokako sartu-irten kopuruan, ari da jokoaren eragina antzematen. Aurtengo Gabonetako oparietako bat hori izango da Seguran», zioen Asier Alustiza antolatzaileak larunbatean. Eguerdiko orduetatik aparte ere, ohi baino bizitasun gehiago zegoen azokan.
Sormena dantzatzea dagokie orain Goierriko idazleei eta musikariei, 2021eko uztarako.