Aurtengo lehenengo azoka berezia egin dute Beasainen
Elikagaien artean neguko barazkiak gailendu diren arren, baratxuri freskoa izan da gaurko produktu berria
2021 urteari hasiera emateko asmoz, aurtengo lehenengo azoka berezia antolatu dute gaur Beasaingo Loinazko San Martin plaza azpian. Txintxurreta baserriko Juli Aierbek lehen orduetan «azokako giroa eguraldia bezala makal samarra» izan dela aitortu duen arren, goiza aurrera joan ahala jende gehiago inguratu da.
Dozena inguru postu egon dira gaur eta bertako produktu ugari jarri dituzte salgai: eztia, barazkiak, loreak, haziak, ogia, gozoak, gazta… Hotzak gogor jo duen goiz honetan, Merkataritzako teknikaria den Ane Egurtzak antolatzaileek beldur apur bat izan dutela kontatu du: «Elurra zela eta, pentsatu dugu agian ekoizleak ezingo zirela etorri gaurko azokara, baina azkenean guztiak etorri dira».
Covid-19ak eragindako egoera dela eta, 2020a urte arraroa izan da ekoizleentzat ere, baina Egurtzak aitortu duenaren arabera, balorazioa positiboa izan da: «Konturatu gara ohiko bezeroak hilabetero etortzen direla, eta horrez gain hazkundea nabaritu dugu erosle gazteen artean. Geroz eta gehiago dira erosketak egitera azokara etortzen diren gazteak eta hori oso positiboa da guretzat».
Urtarrileko lehen larunbateko azoka honetan, hilabetero bezala, erosleen artean erosketak egiteko poltsak eta bertako sukaldarien errezeta liburuxkak banatu eta azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa ere egin dute azokan erosketak egin dituztenen artean.