Tabernak jendez bete dira berriro ere Ordizia, Zaldibia eta Seguran
Jendeak gogotsu hartu du ostalaritzaren itzulera Ordizia, Zaldibia eta Seguran. Ataunen, berriz, tabernak itxi beharra izan dituzte
Bi hilabete eremu gorrian igaro eta gero, dagoeneko ireki dituzte tabernak Ordizian. Abenduaren 31an alarma gorritik laranjara igaro ostean, tabernen irekierarekin hasi dute urtea ordiziarrek 500etik beherako inzidentzia tasarekin. Horrez gain, bost mila biztanletik beherako herrietan ere, Zaldibia eta Segurak lortu dute arrisku eremutik ateratzea, eta hauek ere ireki dituzte tabernak dagoeneko.
Kaleetan hotza nabari zen arren, jendez beteta egon dira gaur Ordiziako tabernetako terrazak, betiere segurtasun
neurriak errespetatuz. Hala ere, Ilunpe tabernako Marta Gonzalezek aitortu duenaren arabera, ostalaritzako langile zein herritarrak izan duten sentsazioa gazi-gozoa izan da: «Jendearen aurpegietan poztasuna nabaritu dudan lehenengo aldia izan da bi hilabete hauek eta gero. Bezeroak
gogotsu etorri dira tabernara, baina bestalde badakigu mugan gaudela eta edozein momentutan tabernak itxiko dizkigutela berriro ere».
Bestalde, Ataunek abenduaren 31an emandako 1318,05eko tasarekin, ostalaritza itxi beharra izan zuen, eta Beasainen ere oraindik ezin izan dituzte tabernak ireki. Astelehenean berrikusiko ditu Eusko Jaurlaritzak, berriz ere, tabernen itxierari dagozkion datuak.