Made in Urola artisau azoka egin dute Zumarragan
Urolako artisauak euren produktuak saltzen aritu dira gaur 10:00etatik 15:00ak arte
Inguruko artisauen produktuak ezagutzera emate aldera, Made in Urola azokaren bigarren eguna ospatu dute gaur Zumarragako eta eskualdeko artisauak. Azokako kideak ere, egun pandemiak sortutako egoerara moldatu beharra izan dute. Udako edizioa bertan behera geratu ostean, Udaletxeko Kultura Sailak neguko azoka bi egunetan banatzeko erabakia hartu zuen, horrela postuen arteko distantzia mantendu eta jende pilaketak ekiditeko helburuarekin.
Hau horrela, aurtengo edizioaren lehenengo zatia abenduaren 20an egin eta gero, gaur goizean elkartu dira berriro ere Urolako artisauak Euskadi Plazan beiraz hornituta dauden arkupeetan. Guztira 12 postu elkartu dira gaurko egunean, eta segurtasun neurriak uneoro errespetatu dira: postuen arteko distantzia, seinalatutako ibilbidea sarrera eta irteerarekin, gel hidroalkoholikoaren eta musukoaren derrigorrezko erabilera eta pertsona-kopuru mugatua. Zozketa egin zuten artisauen artean, eta horren arabera erabaki zuten zein izango ziren egun batean edo bestean azokan egongo ziren postuak.
Gaur goizean bertan egon den artisauetako bat izan da Ane Miren Ormazabal, Nauena markaren sortzailea. Bere postuan euskara eta diseinua uztartzen dituen produktuez gozatzeko aukera izan dute erosleek: «Material naturalak erabiltzen saiatzen naiz: egurra, kartoi birziklatua, kotoi organikoa. Elementu hauekin hainbat produktu sortzen ditut, esaterako: koadernoak, kotoizko poltsak, esaldiak dituzten egurrezko kartelak…». Salmentei dagokienez, gaurko egunean aurrekoan baino «gutxiago» saldu duela kontatu du Nauena markaren sortzaileak, baina bestalde «gaurko giro lasaia» eskertzekoa izan dela aitortu du. Honekin bat etorri da Jennifer Peña saltzailea, kakorratz-lana eta bitxiak egiten dituena: «Egia da aurreko egunean jende gehiago ibili zela, baina gaur elurra dela eta jende gutxiago espero nuen arren produktu ugari saltzen ari gara. Oraindik Errege eguna falta denez, jendea aukera aprobetxatzen ari da».