Organo kontzertua eskaini dute gaur Idiazabalen
Arrate Zubigaray organistak kontzertua eskaini du gaur arratsaldean Idiazabalgo Elizan
Idiazabalgo Udalak Eguberri jaietarako prestatutako ekitaldia izan da gaurkoa. Arrate Zubigaray organistak kontzertua eskaini du gaur arratsaldean Idiazabalgo Elizan. Organo-jotzaileak Juan Manuel Ibarra eta Itziar Atutxarekin hasi zituen antzinako musika ikasketak Bilboko Kontserbatorioan. Pedagogia ikasketak amaituta, Herbereetan burutu zituen ikasketak, Hagako Koninklijk Conservatorium-en, Jacques Ogg eta Patrick Ayrtonen gidaritzapean.
Guztira 11 pieza jo ditu gaur arratsaldean gerturatu direnen entzuleentzat. Entzuleak elizaren beheko solairuan egon dira Zubigaray goran organoa jotzen zegoen bitartean. Musika entzuteaz gain artista ere ikusi ahal izateko, elizako bi pantailetan zuzenean transmititu dituzte organistaren irudiak. Segurtasun neurriak bermatzeko asmoz, eserlekuetan tarteak mantendu dituzte entzuleen artean, eta sarreran gel hidroalkoholikoa ere egon da eskuragarri.
Gabonetako Egitarauaren azken bi ekintzak datozen egunetan izango dira. Bihar Tramankulu jolas kooperatiboak egingo dituzte Idiazabalgo pilotalekuan. Ordutegia adinaren araberakoa izango da eta sarrera doan izango den arren, erreserba egitea ezinbestekoa izango da. Urtarrilaren 5ean, berriz, Errege Magoen bisita jasoko dute idiazabaldarrek, baina xehetasunak osasun arauen arabera zehaztuko dira.