Herriko komertzioetan erabiltzeko bonoak jaso dituzte saridunek
Idiazabalgo Udalak antolatutako sorkuntza lanen lehiaketen sari banaketa egin dute. Postal, eskulan, idazlan eta bideo lehiaketak 60 partaide izan ditu, eta 15 etxetan apaindu dituzte balkoiak
Idiazabalgo Udalaren Kultura Sailak sorkuntza lanen bi lehiaketa antolatu ditu Gabon jai hauetan, Aita Iparragirre Herri Eskolarekin eta Guraso Elkartearekin elkarlanean: postal, eskulan, idazlan eta bideo lehiaketa, haurrei zuzendutakoa, eta apaindutako balkoien lehiaketa. Aurrenekoan 60 ikaslek hartu dute parte, eta bigarrenari dagokionez, 15 etxetako balkoiak apaindu dituzte. Herriko dendetan erabiltzeko txekeak jaso dituzte saridunek. Atzo izan zen sari banaketa, udaletxean, eta bertan izan ziren Iñaki Alberdi alkatea eta Izaro Insausti kultura teknikaria.
Herritarren irudimenaren bidez Gabon kutsua herrian zabaltzea izan du helburu ekimenak. Postal, eskulan, idazlan eta bideo lehiaketa hiru kategoriatan banatu dute: A kategoriakoek, 2013tik 2018ra bitartean jaiotakoek, postalak edo eskulanak aurkeztu dituzte; B kategoriakoek, berriz, 2010etik 2012ra bitartean jaiotakoek, eskuz idatzitako orri bateko idazlanak edo eskulanak aurkeztu dituzte; eta D kategorian, azkenik, 2009tik aurrera jaiotakoek gehienez minutu bateko bideoa egin dute.
Zozketa bidez izendatu dituzte saridunak haurren lehiaketan; guztira 12 izan dira eta 15, 25 eta 35 euroko erosketa bonoak jaso dituzte. Olentzeroren etxea, Gabonetako zuhaitzak edota gaueko izarrak irudikatu dituzte ikasleek, besteak beste. Postal, eskutitz, eskulan edota bertsoak udaletxeko areto nagusian jarri dituzte herritarrek ikus ditzaten.
Balkoiak polit-polit
Balkoiak apaintzeko lehiaketako irabazleak, bestalde, epaimahai batek aukeratu ditu, eta orijinaltasuna eta materialen berrerabilera baloratu dituzte sariak banatzerakoan. Argiak, egurrak eta bestelako osagaiak erabili dituzte parte hartzaileek. Lehenengo saridunak, Irati Arrese Iparragirrek, 100 euro eskuratu ditu, Irati Dorronsoro Urrestarazu bigarrenak 80 euro, eta hirugarren saridunak, Xabin Unanue Arriaranek, 50 euro.
Urtarrilaren amaierara arte izango dute saridunek jasotako erosketa bono horiek erabiltzeko aukera.













