Beasainek 3-0 irabazi dio Urgatzi talde gasteiztarrari, Igor Gordobil entrenatzailearen estreinaldian.

Beasain KE-ko kirol zuzendaria den Unai Zurutuzaren hitzetan:”Partida hasieratik oso kontzentratuta irten dira jokalariak, partida nola enfokatu behar genuen jakinda”, eta horixe erakutsi dute lehenengo momentutik. Iker Garmendia beasaindarra izan da lehena markagailua martxan jartzen bigarren minutuan sartutako golarekin. Abantaila honekin behar zuten motibazio puntua jaso dute beasaindarrek, horrela 12. minutuan bigarren gola sartuz, Garmendiarena hau ere.
Joaneko partidan 5-1 irabaztea lortu zuten Urgatzikoek etxean, baina gaurkoan Zurutuzak aipatu bezala “indartsu, sendo eta aukera asko sortzen” ibili dira mutilak. Bigarren zatian beasaindarrek hirugarren gol bat sartu duten arren, jokoz kanpo izan dela egotzita baliogabetu egin dute azkenean. Hala ere, 64. minutuan egon den korner bati esker, Jon Arzamendik azkenean lortu du hirugarren gola sartzea. 3-0 emaitzarekin amaitu dute gaurko partida sailkapenean horrela 5. postua lortuz, nahiz eta hau oraindik ez den behin betiko emaitza, bertan behera geratutako partida batzuk jokatzea falta baita.
Partida berezia izan da gaurkoa, izan ere Jose Luis Ribera entrenatzaileak pasa den asteazkenean agurtu zituen jokalariak beraiekin hiru denboraldi igaro ostean. Igor Gordobil entrenatzaile arrasatearra gaur estreinatu da etxean izandako partidan, “Bi entrenamendu egin dituzte batera, ostegunean lehenengoa eta larunbatean bigarrena, eta gaur izan da bere lehenengo partida” kontatu du Zurutuzak, “Ribera agurtu eta gero oso triste geratu ziren jokalariak. Entrenatzaile aldaketa askotan ez da erraza izaten, baina beasaindarrek pozik hartu dute entrenatzaile berria, balorazio orokorra oso positiboa izan da”.






































