Beasainek eremu gorrian segiko du eta Zegama atera egin da itxialditik
Osasun Sailaren arabera, beste 53 positibo kasu agertu dira asteburuan, Goierriko hamaika herritan. Zegamak ostalaritza eta sartu irtenak baimenduta ditu gaurtik
Eusko Jaurlaritzak neurriak gogortzeko erabakia hartu zuen pasa den astean, eta horren ondorioz, Beasainek eta Zegamak herri mailako itxialdia bete behar izan dute lau egunez. Beasainek itxita jarraituko du oraingoz, baina Zegama atera egin da konfinatutako herrien zerrendatik.
Asteburuak beste 53 positibo kasu utzi ditu Goierrin. Osasun Sailak atzo eguneratu zituen ostiraletik iganderako herriz herriko datuak. Beasainek, itxialdian egonagatik eta bi hilabetez baino gehiagoz ostalaritza itxita izanda ere, kasu berri gehien pilatu dituen herria izaten jarraitzen du; 11 positibo gehiago izan dituzte asteburuan, eta dagoeneko mila kasuen muga gainditu dute, iazko martxoan pandemia hasi zenetik. Eragin tasari dagokionean, Beasain da eremu gorrian dagoen Goierriko herri bakarra, ehun mila biztanleko 634,76 kasurekin.
Bost mila biztanletik gorako gainontzeko herrien artean, Lazkaok eta Zumarragak zortzina kasu berri dituzte; biak eremu horian daude, 390,63ko eta 407,29ko eragin tasekin, hurrenez hurren. Legazpik (261,62) eta Urretxuk (219,65) bosna dituzte eta lau Ordiziak (198,61). Hirurak, eremu horian daude.
Zegama zerrendatik kanpo
Lau eguneko itxialdia bete eta gero, Zegama atera egin da itxitako herrien zerrendatik. Eragin tasa 525,97ekoa da oraindik, baina astebetean ez dute kasu berririk izan. Kezkatzeko moduko datuak ditu Olaberriak ere. 981,46ko tasa dute, eta astebetean 4 kasu izan dituzte. Zerainek (729,93) eta Itsasondok (549,45) ere gainditzen dute 500eko muga, baina azken egunetan ez dute kasu berririk izan.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ostegunean berrikusiko ditu datuak eta itxialdia bete beherrako herrien zerrenda.
Kaleko edana Olaberrian
Ertzaintzak 18 lagun atxilotu ditu asteburuan eta beste hainbat identifikatu, kalean edateagatik. Olaberriako Ihurre auzoan, 24 lagun atzeman eta identifikatu zituzten, padeleko pistan edaten ari zirela eta.