Neurri berriak astelehenetik aurrera
Joan-etorriak eta harremanak murriztea da helburua. Jaurlaritzaren dekretuaren arabera, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.
Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen bezala, astelehenetik aurrera “neurri zorrotzagoak” jarri dituzte indarrean COVID-19an hedapena saihesteko helburuarekin. Dekretua gaur argitaratu da aldizkari ofizialean. Ondorengoak dira arauak Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herri guztietan.
Udalerrien itxiera
Astelehenetik aurrera udalerri guztiak itxi egingo dituzte, eta ezin izango da norbera bizi den udalerritik atera, eremu gorrian izan ala ez. Ez da salbuespenik egingo eta, beraz, galarazita egongo da ondoko udalerrira joatea. Udalerritik atera ahalko da, soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada: besteak beste, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko. Salbuetsita egongo dira baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak egitea. Lekualdaketaren arrazoia justifikatu beharko da erantzukizunpeko adierazpenaren eredu batekin, beste modu batetik justifikatu ezin bada.
Ostalaritza
Ostalaritza irekita egongo da, gaur egun indarrean dituen muga berberek baldintzaturik. Hau da, 20:00etatik 06:00etara itxita egon beharko dute. Eremu gorrian dauden herrietan, ordea, Beasainen eta Zumarragan, ostalaritza itxita egongo da, orain arte bezala.
Lauko taldeak
Taldean gehienez lau pertsona elkartu ahalko dira, eremu publikoan nahiz pribatuan (orain arte sei lagun elkartu ahal ziren gehienez). Gaur argitaratu dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian neurri berrietan gomendio bat gehitu dute: espazio pribatuetan bizikidetza unitateko kideak bakarrik elkartzea.
Tabernetako eta jatetxeetako mahaietan gehienez lau lagun eseri ahalko dira. Eta txokoetan eta elkarte gastronomikoetan ere indarrean sartuko da gehienez lau pertsona elkartzeko araua. Txoko eta elkarte gastronomikoen barruko gehienezko edukiera erdira murriztuta dago gaur egun, baina horrez gain, dekretuak gaur zehazten duenez, astelehenetik aurrera mahai bakoitzean gehienez lau pertsona elkartu ahal izango dira eta ezin izango dira mahaiak elkartu talde handiagoak egiteko. Ostalaritzan ere neurri bera indarrean egongo da.
Kirol jardueretan, maskararen erabilera
Orain arte bezala, kirol jarduera orotan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea, baina aurreikusitako salbuespenetan hainbat berritasun argiratu dituzte gaurko dekretuan: maskara ez da derrigorrezkoa izango lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden entrenamenduetan eta lehiaketetan. Horrez gain, orain arte bezala, kirola eremu naturaletan, hirigune periferikoetan eta igerilekuetan egiten denean ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.