Udalak kontratatuko enpresak 544 hondakin kilo jaso ditu ibaietatik
Erreka Egunean egitekoa zen garbiketa bere gain hartu du udalak, eta Urola eta Urtatza errekak garbitu ditu, Eulen enpresaren bidez.
Iaz Erreka Egunik egin ez zela eta, udalak bere gain hartu ditu Urola ibaia eta Urtatza erreka garbitzeko lanak. Horretarako kontratatuko Eulen enpresak amaitu du garbiketa, eta horren emaitza 544 kilo hondakin bildu izana da.
Eulenek Urola ibaia garbitu du Guriditegitik hasi eta industrialderaino, eta Urtatza erreka ere bai. Lanen kostua 6.534 eurokoa izan da eta bi fasetan egin dira
Bi fasetan banatuta
Abenduaren erdialdean egin zituzten garbiketaren lehen faseko lanak, eta orduan 192 hondakin erretiratu zituzten Urolatik eta Urtatza errekatik. Bigarren fasea urtarrilaren bigarren hamabostaldian burutu da, eta garbiketa Urolan bakarrik egin da, herriko hirigunetik industrialdera arte doan eremuan. Tarte horretan 352 kilo hondakin bildu dituzte. Bi faseetan bildutako 544 kilo hondakinak Sasieta Mankomunitateko garbigunera eraman dituzte.
Errekak garbitzeko kontratatutako enpresak udalari jakinarazi dionez, hondakinak bereziki hiru gunetan bildu dituzte: Urbeltz pilotalekuaren atzealdeko berdegunean, Plazaola kalean dauden tabernen pareko ibai tartean eta industrialde inguruan. Lehenengo gunean garagardo latak, edari energetikoen latak, plastikozko poltsak, alkohol botilak eta freskagarri botila handiak jaso dituzte batez ere, eta horiek bildutako hondakinen % 95 dira. Industrialdean, berriz, ogitartekoari lotutako hondakinak izan dira nagusi.













