«Bagenekien orain arte bezala ezingo genuela antolatu»
Ordiziako Argi-Berri elkarteko mus txapelketa enblematikoa bertan behera geratu da. 44. jardunaldia jokatuko litzateke larunbatean. Antolaketa zailtasunengatik hartu dute erabakia.
Aurten ez da Argi Berriko mus txapelketarik jokatuko, 44.urtez jokatuko zatekeena.
Ohiko antolaketa baten, azaroan martxan jartzen gara, babesleak lortzeko, kartela garaiz egiteko, tartean errifak ateratzen ditugu,… eta Argi Berriko batzarra urtarrilean egiten dugu, ordurako aurkezten dugu eginda duguna.
Aurtengorako, azaroan elkartu ginenean, ikusi genuen, orain arte bezala antolatu nahi bagenuen, ezin izango genuela. Batetik, jendea erakartzea delako helburua, hau da, gurea ez da txapelketa bat antolatu, 20 bikotek izena ematea eta hala, ze ongi! Ez, ez! Guk helburu sozialak ditugu, eta dirua ateratzeko antolatzen dugu musa. Orain, kontua da, COVID-19agatik jarri diren baldintzak eta mus txapelketa jokatzeko betiko moduak, ez datozela bat: espazio handia eta ireki bat beharko genuke; aldiro tapeteak eta kartak garbitu; aireztatu;… Garbi geneukan, horrela ezingo genuela antolatu.
Eta bestetik, txapelketa Argi Berritik ateratzeak, ez dugu uste zentzu handirik duenik.
Beraz, beste aukera batzuk ez dituzue baloratu?
Bitarteko zerbait egiteko? Ez, ez! Normalean 300 pertsona inguru elkartu ohi gara, espazio publiko batean elkartzeko ere gehiegi. Planteatu ere ez dugu egin.
Orain arte egin izan dugun bezala egiteko baldintzak ematen direnean egingo dugu 44. txapelketa. Espero dugu datorren urtean izatea hori.
Argi Berrikoa erreferente da Gipuzkoa osoan.
Bai, hala da! Urteko lehena da, urte asko daramazkigu txapelketa antolatzen…
Beste herri batzuetan zer?
Ba harremana dugu Argi Berrin bezala, mus txapelketa azkarrak egiten dituzten beste herri batzuetako antolakuntzekin; Beasain, Lazkao eta Zaldibia Goierrin, baina baita Anoeta eta Tolosakoekin. Haiek ere ez dute txapelketarik egingo aurten.
44 urteko historia du Argi Berriko mus txapelketak. Beste inoiz bertan behera geratu al da?
Ez, ez! Elkartea ireki eta lehen txapelketa segidan antolatu zen. Harrezkero, hutsik egin gabe, urtero-urtero otsaileko bigarren larunbatean egin izan da.
Eta aldaketarik izan al da?
Aldaketa baino, espazioari dagokionez bilakaera bat izan da. Azkeneko urteetan adibidez, Urdaneta eskolaren laguntza izan dugu. Tokia utzi digute eta horri esker, partida guztiak batera jokatu ahal izan dira.
Sona handia duen txapelketa da. Nola lortu duzue?
Antolaketagatik. Partaide askok eta askok zoriondu gaituzte horregatik. Kanpotik, pentsa daiteke, erraza dela horrelako zerbait ondo antolatzea. Guk lortu dugu: orduak errespetatzea; erabiltzen dugun sistemari esker partaideek garbi izatea ze ordutan eta non jokatu behar duten nahasmenik sortu gabe; liskarrik ez izatea; partaide batzuk jokatzen hasi aurretik urduri jartzen dira eta haiei behar duten espazioa ematea; komunikazio lan garrantzitsua egiten dugu, sare sozialen bidez eta txapelketaren kartelak Nafarroako hainbat txokotara ere iristen dira…
Eta sariak ere oso onak izaten dira…
Bai, egia da! Horrek ere erakartzen du jendea.
Nolako jendea etortzen da?
Ba denetik! Txapelketa nagusietan aritzen dira asko, sari potoloengatik etortzen dira beste batzuk, sortzen den giro onagatik animatzen direnak ere badaude, azken urteetan gazte asko ere animatu da, eta Argi Berriren helburu soziala babestera datozenak dira beste asko.
Jendetza bildu izan zarete…
158 bikoteetara ere iritsi gara.
Ohikoa da hori?
Tolosaldean ere jende askok parte hartzen du, afizio handia dago. Hemen gertatzen dena da, Ordizia kanpotik bikote asko etortzen direla. Goierriko beste herrietatik asko, baina baita urrutiagotik ere.
Hainbeste jendek parte hartuta zaila izango da irabaztea… Txapela errepikatu duenik bada?
Oso zaila da bitan irabaztea. Dena den, badago kasu bat, hain juxtu, parte hartze handiena izan zen bi urteetan, bikote berak irabazi zuela. Baina ez da ohikoa.
Bukatzeko, ze sentsaziorekin geratu zarete?
Ezintasuna! Zeren txapelketa alde batera utzita, hau elkarte bat da. Egoera horrela dela badakigu, baina inbertsioa ere egin dugu, elkartean neurri guztiak betetzeko. Hala ere, ixteko agindua iritsi zen eta horrela jarraitzen dugu. Gurekin akordatu den bakarra Ordiziako Udala izan da, gainontzean, deus ez! Ezin egon handia dugu.