Dantza 'Axari 40 urte' erakusketaren irekieran
18:00etan ireki dute udaletxeko areto nagusian jantziez eta argazkiz osatutako erakusketa. Igandera arte egongo da ikusgai.
Axari Dantza Taldeak eta Fotoetxek elkarlanean prestatu duten ‘Axari 40 urte’ erakusketa ikusgai dago dagoeneko. Igandera arte egongo da Idiazabalgo udaletxeko areto nagusian. Gaur 18:00etan izan da irekiera, eta erakusketari hasiera emateko, agurra dantzatu dute bi dantzarik, taldearen hastapenetan lagundu zuen Naxario Telleriak txistuz jota, udaletxe kanpoan.
Jantziez eta argazkiz osatutako erakusketa da. 1980ko otsailean egin zuen jendaurrean lehenengo emanaldia Axari Dantza Taldeak, eta urteurrena ospatzeko antolatu dute erakusketa: “Garai bateko argazkiak aurkitu genituen, eta polita iruditu zitzaigun gaur eguneko eta garai bateko arropak konparatzeko erakusketa egitea”, azaldu du zuzendaritza taldeko Hodei Azurmendik. Jose Mari Telleriak eta Lake Oiarbidek egin dituzte argazkiak, Idiazabal inguruan ateratakoak.
Herritarrak gogotsu agertu dira erakusketa ikusteko. Bihar 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik, eta igandean 12:00etatik 14:30era.