Itsasoko batzorde kudeatzailea astelehenean desegingo da
Herritarren «parte hartzea eta babesa beharrezkoak» direla azaldu dute, eta plenora gonbidatu dituzte, denen artean aukera berriak aztertzeko.
Astelehenean, otsailaren 15ean, Itsasoko Batzorde Kudeatzailea desegingo da. Espainiako Auzitegi Gorenaren 2020ko uztailaren 16ko sententzia exekutatuko dute hala, Itsaso udalerri independiente gisa eratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako dekretua baliogabetu zuena. 18:00etan izango da plenoa, eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartu eta aukera berriak aldarrikatzera.
Batzordekideek «itsasoarren zerbitzura egoten jarraitzeko prest» daudela eta haien «parte hartzea eta babesa beharrezkoak» direla adierazi dute. Ezkio-Itsasoko udalarekin koordinatzen jarraitzeko Jarraipen Batzordeak bilerak egingo ditu aurrerantzean ere.
Aurrekontua, banatuta
Epaia bete behar dutenez, 2021 honetan Ezkiok eta Itsasok kontabilitate bakarra izango dute, Ezkio-Itsasoko Udala bezala. Halere, aurrekontuak banatu egingo dituzte. Itsasoko lan batzorde irekiak ere martxan jarraituko du, eta asteazkenero elkartuko dira orain arte bezala. Komunikazio bide ofizialek bere horretan segiko dute eta itsasoarrei dagozkien jakinarazpenak haiek bideratuko dituzte.
Udalerri bakarra izango den arren, etorkizunean kudeaketa propioa egiteko aukerak aztertu ahal izateko bilera bat izatea eskatu diote aldundiari.