Zegaiako bidearen kostua erdibana ordainduko dute udalak eta baserritarrek
Abenduan izandako luiziaren ondorioz, baserrira doan bidea itxita dago ibilgailuentzat. Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostenaren zain daude eta helburua bidea hormigoitzea da.
Abenduaren 12an Matxinbenta auzoko Zegaia baserrira doan bidean luizi bat izan zen eta bidea itxita dago. Bertako biztanleek ezin dute baserrira ibilgailuz iritsi harrezkero, eta sare sozialen bidez bideo-bertso bat zabaldu dute egoeraren berri emateko. Ezkio-Itsasoko Udala baserritarrekin elkartu da eta bidea konpontzeko kostuak erdibana ordaintzea adostu dute.
Beasain, Ezkio, Beizama eta Azpeitia artean dago kokatuta Matxinbenta. Zegaia baserria Ezkioko lurretan dago. «Ez dugu eskatzen autobiderik, ez degu nahi autopistarik, autoz lanera joan ta etorri ibiltzeko lain besterik», esan dute baserritarrek bertso batean. «Zergak ordaintzeko bakarrik al naizen Ezkiotarra» galdetu eta «beste baserrien gisan» tratatzeko ere eskatu dute.
Udalak hedabideetara helarazitako ohar batean adierazi duenez, «nahiz eta bide horrek izaera pribatua izan», «gastu ugari» egin dituzte azken urteetan egindako baserrirainoko bidea txukuntzeko lanetan. Bidea hormigoitzea da helburua. 2019ko abenduan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera egin zuen udalak bidea hormigoitzeko diru laguntzak eskatzeko: «Geroztik, pandemia kontua dela eta, bere horretan geratu zen gaia», azaldu dute oharrean.
Abenduko luizia eta gero, urtarrilaren lehenengo astean, udalak garbiketaren kostuaren erdia bere gain hartzea proposatu zuen, eta aldundiari laguntza eskatu zion: «Urtarrilaren 19an bertaratu ziren aldundiko, Etorlur eta Goimeneko teknikariak, argazkiak atera, datuak bildu eta balorazio ekonomiko eta teknikoak egitekotan geratu ziren». Txostenaren zain daude, eta azaldu dutenez, hori jasotzean emango dituzte hurrengo pausoak.
Bilera herenegun
Aldundiaren emaitzak jaso bitartean, eta arazoari konponbide bat emate aldera, herenegun elkartu ziren udaleko ordezkariak eta Zegaia inguruko baserritarrak erabaki bat hartzeko: jabeek kostuaren erdia haien gain hartuko dute, eta udalak beste erdia. Oharrean azaldutakoaren arabera, lehenbailehen hasiko dituzte lanak.