Azken 30 urteetako inauteri konpartsak gogoratzeko bideo bat kaleratu du Sustraiak dantza taldeak
1991. urtean hasita, Euskal Herriko inauteri tradizionalak ekarri dituzte Legazpira dantza taldekoek, hainbat legazpiarren laguntzarekin. Gaur ez dute ohiko konpartsa kaleratuko, baina inauteri giroa partekatu nahi izan dute Legazpi osoarekin.
Sustraiak dantza taldeak ez ditu inauteri girorik gabe utzi nahi legazpiarrak aurten, eta azken 30 urteetan inauteri igandean kaleratu dituen konpartsen historia jasotzen duen bideo bat argitaratu du sare sozialetan.
Konpartsak ibilbide luzea egin du, 1991ean lehen aldiz kaleratu zenetik. Ikastaroetan zebilen jendeari dantza egiteko aukera emateko antolatu zuen Sustraiak taldeak, Gipuzkoako inauteriak izan ziren lehenak. Harrez gero, urteroko hitzordua izan da inauteri igandean, eta besteak beste, Gipuzkoako Sorgin dantza, Iñude eta Artzaiak, Azeri dantza eta Jorrai dantza, Lapurdiko eta Luzaideko inauteriak, Zuberoako maskarada eta Lantzeko inauteria ezagutu ahal izan dituzte legazpiarrek, azken urteetan Lintx eta katamaloen laguntzarekin. Izan ere, Legazpiko inauteriak bere pertsonai propioak ere baditu.
Bideoarekin batera, Sustraiak taldeak ohar bat ere kaleratu du, urte horietako guztietako konpartsetan parte hartu duten dantzari, pertsonai, musikari, guraso eta abarrei eskerrak emanez, eta “2022 urtean indarberrituta etorriko gara!” esanez.