Kiroldegiko iazko diru sarrerak murriztuta pandemiaren eraginez
COVID-19agatik izandako itxialdiak, murrizketek eta bestelako neurriek eragin handia izan dute kiroldegiaren egoera ekonomikoan; diru sarrerak 2019an baino %42,7 gutxiago izan ziren iaz.
COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoak udalaren jarduerara ere iritsi dira, eta Bikuña kiroldegia izan da ondorio larrienak jasan dituen zerbitzua. Izan ere, kiroldegia itxita egon zen iaz hiru hilabetez, eta horrez gain, segurtasun distantziaren neurriak ere aplikatu behar izan dituzte bertan, gela, areto eta ikastaroetako edukierak murriztuz.
Horren ondorioz, aurreko urtearekin alderatuta %42,4 jaitsi dira 2020an zehar kirol jarduerak eskaintzeko egindako kontratuak. Diru sarrerak ere nabarmen jaitsi dira, eta 2019koak 364.119,12 eurokoak izan baziren, 2020an 262.067,13 euroan geratu ziren. Iazko kontuei, gainera, 52.329,52 euro kendu behar zaizkie, kiroldegia itxita egoteagatik erabiltzaileei urteko kuotaren % 30 itzuli zaielako. Beraz, iaz 155.381 euro gutxiago sartu ziren kiroldegian, aurreko urtean baino % 42,7 gutxiago.
Kiroldegia, leku segurua
Datu horien berri udalak kaleratu duen oharrean «COVID-19aren pandemiak mugak eta deserosotasunak» ekarri dituela onartzen du, baina «kiroldegiko instalazioak eta bertan garatzen diren jarduerak seguruak direla» azpimarratu du. Aldi berean, jarduera fisikoa edozein adinetan «oso gomendagarria» dela gogoratu du, eta udal kirol instalazioak «lasaitasun osoz» erabiltzeko gonbitea egin die legazpiarrei.