Gastronomia eta musika uztartuz, Sagarock!
Sagardoa gehi rocka, Sagarock! da emaitza, Ordiziarock Ekintzak taldearen ekimen berriena, eta datorren martxoaren 5ean hasiko da. Gastronomia musikatuaren zikloa deitu dutena, Rafa Ruedaren kontzertuarekin irekiko dute eta Ordiziako Tximista sagardotegiko sagardorekin bustiko dute ekimena. Martxoaren 28an egingo dute Sagarock!-en bigarren ekitaldia, Rüdiger entzuteko aukera izango da egun horretan. Beste bi talde gehiago ere ekarriko ditu ekimenak: Jon Gurrutxaga eta Urbil Artola; eta Eneritz Furyak.
Sarritan esandakoa errepikatzea da seguruenik, baina egia dena, egia da eta kitto!: Ordiziarrockeko lagunak buruari eragiten espezialistak dira, baita erronka berriei aurre egiten ere. Oraingo honetan, musika eta gastronomia uztartzen dituen ekimena dakarte. Osasun krisiagatik hain mugatua geratu den aisialdi eskaintza bat baino gehiago da; hain zuzen, osasun krisiagatik kaltetuak izaten ari diren bi sektoreri bultzadatxoa ematera ere badatorrelako Sagarrock!. Esan daiteke, bertako produktua dela % 100ean.
Ekimen gastronomiko musikatu honetarako, aukera desberdinak daude, lau sarrera mota desberdin baitaude: kontzertua bakarrik; kontzertua gehi sagardo dastaketa; kontzertua gehi sagardo dastaketa eta pintxoak; eta kontzertua gehi sagardotegiko menua. Ate irekiera, 18:00etan egingo dute. Sagarock!-eko sarrerak salgai daude jada. Horretarako Ordiziarrock ekintzak taldearen webgunean sartu behar da. Bertan, sarrera mota desberdinak aurki daitezke eta nahi dena erosi.
Bestalde, bazkide kanpaina ere zabalik du Ordiziarrock-ek; «Asko eta asko dira, hutsik egin gabe, antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzen dutenak, eta orain, gure proiektuaren parte izateko urrats bat gehiago eman dezakete». Bazkide izateak abantaila asko ditu: «Sarreretan deskontuak, musika taldeen materialaren zozketetan parte hartzea, ekintzen informazio osoa,…». Bazkide egiteko, sartu ordiziarrocken webgunean.













