Ondramuñoko gaian «joku politikoa» egin izana egotzi dio Izal Baik udalari
Izal Bai taldeak Ondramuñoko gaztandegiaren gaian informazioa ezkutatu izana leporatu dio Idiazabalgo Udaleko alkatetza taldeari. Hedabideetara helarazitako ohar batean Izal Baik azaldutakoaren arabera, Ondramuñoren instalazioak berritzeko lizentzia legezkoa dela eta lizentzia baliogabetzeko arrazoirik ez dagoela ezkutatu du udal taldeak: «Lizentzia hori ilegala omen zen, baina auzibidean jarri eta gero, lizentzia baliogabetzeko arrazoirik ez dagoela ondorioztatu da. Herritarrok ez duzue honen berri izan, udalean alkatetza duen taldeak horrela erabaki duelako».
Auzia «joku politikorako» erabili izana ere egotzi dio udal taldeari, eta Izal Baik izan duen postura nabarmendu dute oharrean: «Joku politiko itsusia egin zuten, beste batzuon izena gaizki utziz eta herrian horrelako instalazio bat egiteko apustua egin zuenari kalte eginez. Guk beti esan genuen legala zela eta herritarren artean zalantza eta besteonganako irudi txarra zabaltzen aritu ziren, hori zen helburua, eta helburua lortu zuten». 2020ko urtarrileko plenoan hartu zuten «lizentziak ematen zuen dekretuak ez errebisatzeko erabakia», eta Izal Baik adierazi duenez, udalak informazioa emateko zain egon dira: «Uste dugu urte bete nahiko denbora badela informatu nahi izanez gero».












