Olaberriko Kulturaldia immigrazioa eta historia jorratuz hasiko da, bihar
Josu Chueca historialariak industrializazio garaiko etorkinen fenomenoaz hitz egingo du. Ihurreko argazki zaharrak ere emango dituzte, testigantzak ematera animatzeko
Oroimen historikoaren ariketa eta plazaratzea izango du oinarri nagusietako bat Olaberriko aurtengo Kulturaldia egitarauak. Pandemiak sakon aldarazi du, aurreko urteetatik. Festa jendetsu izan ohi den Herrialdeen Eguna erori da, adibidez. Datorren urtean osasun egoera hobea izango den itxaropenean, txandapasa egin dute. 20. urtea izango du gastronomia azokak.
Egingo diren lau ekitaldietatik bi oroimen historikoari estu loturikoak dira, Olargi taldeak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatuta. Josu Chueca eta Iñaki Egaña historialariak gonbidatuko dituzte bihar eta bihar zortzi, hitzaldi bana ematera.
Eskolako haurrekin, Basoa ernatzen proiektua garatuko dute: basoak ezkurrak bildu, ernamuindu eta landatuko dituzte. Kale antzerkiak itxiko du zikloa. Ekitaldietan parte hartzeko izena telefonoz (681 17 51 13) edo Google Formsen eman behar da.
Ihurreko testigantzak
Chuecaren biharko hitzaldiak badu sakonagoko helburu bat. Olargi elkarteak bi urte darama Olaberriko historia jasotzen, 1936ko gerra eta ondorena abiapuntu hartuta. Duela bi hilabetetik, testigantza bilketa Ihurre auzora eta industrializazioagatiko immigrazioaren gaira zabaldu dute. «Olaberriko historia ez da hemen jaiotakoena bakarrik, kanpotik etorritakoek ere badute berea. Eta herriko historia osatzeko beharrezko ikusi dugu horiena ere jasotzea», azaldu du Belen Parra elkartekideak.
Ihurretarrak beren bizitzaren testigantza ematera animatu nahi dituzte. Hori dela eta, Chuecaren hitzaldiaren ondoren, auzoko argazki zaharren emanaldia izango da. 100 bat irudi bildu dituzte bideoan, batez ere Ihurreko Jendea taldean Facebooken argitaratuak.
Ihurreko zaharrenekin hasi dira elkarrizketak egiten, eta ateratzen ari diren historioekin harrituta geratu dira ikertzaileak. «Gipuzkoako herri zahartuena da Ihurre, 90 urtetik gorako asko daude. Gerra ezagutu eta bizi izan zuten, baina ez dute aukerarik izan bere herrian historia kontatzeko. Kanpotik etorritakoak pobreenak ziren, asko galtzaileen bandokoak. Kristoren historiak sortzen ari dira».
KULTURALDIA 2021
· Bihar. Josu Chuecaren hitzaldia: Atzoko mugak, gaurko hesiak. Ihurreko gimnasioan, 18:00. Ondoren, argazki emanaldia.
· Martxoak 12. Iñaki Egañaren hitzaldia: Gerra Zibilaren ondorioak Goierrin. Udaletxea, 18:00.
· Martxoaren 12tik 22ra. Basoa ernatzen proiektua eskolakoekin. Ezkurrak bildu eta ernetu.
· Martxoak 19. Turistreando kale anterkia. Ihurren, 17:30.