Mankomunitate mailan oztopoak jartzea leporatu dio Elkarrekin Zumarragak EAJri
Urola Garaiko Mankomunitatean Elkarrekin Zumarraga «gutxietsi» egiten duela eta egiten duen lanari oztopoak jartzen dizkiola leporatu dio EAJri Zumarragako udal taldeak: «Gure lanarekiko erakusten duen mespretxuarekin, euren botoekin Elkarrekin Zumarragaren proiektu politikoa babestu zuten herritarrak alboratu egiten ditu».
Ines Benitez Zumarragako zinegotziak azaldu duenez, Mankomunitatearen 2021eko aurrekontuei begira lan handia egin dute, «baina gure ekarpenak ez dira kontuan hartu, ezta teknikoki baloratu ere». Antzeko ekarpenak egin dituzten beste alderdiek, berriz, balorazioa jaso dutela azaldu du Benitezek, eta hori ez dela bidezkoa salatu du.
«Herritar guztientzako aurrekontuen aldeko lan bateratua» egiteko borondate eza leporatu dio Zumarragako zinegotziak EAJri, eta horregatik bozketan abstenitu egin zirela azaldu du.
Aldiz, Berdintasunaren atalarentzako partidari baiezkoa eman ziotela nabarmendu du, «gaurko testuinguruan garrantzitsua iruditzen zaigulako egoera larrian dauden emakumeen premiei erantzuna ematea». Horregatik, Berdintasunarentzako aurrekontua igotzeko lanean jarraituko dutela erantsi du.












