Artzaintzaren sekretuak bistara
Idiazabal Gaztaren Ibilbidean dauden gaztandegiek ateak zabaldu dizkiete asteburuan bisitariei. Artzaintzaren eta gaztagintzaren lanbidea eta sekretuak azaldu dituzte
Munduko ofiziorik zaharrenetakoa da artzaintza, eta mendez mende, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira haren sekretuak. Artzainen lanbidea eta gaztagintza, ordea, ezezagunak dira mundu horretatik aparte hazi eta hezi diren askorentzat. Idiazabalgo Gaztaren Ibilbideak antolatuta, Goierriko lau gaztandegi ezagutzeko aukera izan da San Josetako asteburu luze honetan. Bisita horietan, gaztaren prozesua hasieratik bukaeraraino ezagutu ahal izan dute saio horietan parte hartu duten bisitariek.
Segurako Ondarre gaztandegia izan da egunotan ateak zabalduko dituenetako bat. Eneko Goiburu artzainaren eskutik, artaldea zaindu eta gazta egiteko modua ezagutu dituzte. Berrehun urtetik gora daramatzate bertan, belaunaldiz belaunaldi, gazta egin eta gaztagintzaren sekretuak transmititzen. Gaur egun ere, metodo tradizionalean oinarrituta egiten dute gazta.
Lan hori ikuilutik eta larreetatik hasten da. Arkumeak jaio eta esne garaia hasten denean batetik, eta uda partean mendi eta larreetara atera eta haien elikadura zaintzen denean, bestetik.
Idiazabalgo J. Aranburu elkartean, berriz, esnea jasotzen denetik gazta egiteko prozesu osoa azaldu dute egunotan. Jesus Aranburuk Idiazabal Gazta bat ekoizteko lehen pausuak erakutsi dizkie bisitariei, esnea Maria bainuan berotzetik gaztari forma emateraino. Esnea gatzatu bitartean, gaztandegiaren funtzionamendua erakusten dute, ikus-entzunezko baten bidez. Bertan, Jesusek zuzenean egin zuena gaur egun makinekin nola egiten duten ikus daiteke.
Behin prozesua ezagututa, gazta bera probatuz bukatu dituzte bisitaldiak.












