Hurrengo Korrika, ezinbestekoa
Asteburuan bukatzekoa zen Korrika datorren urteko martxoaren 3ra atzeratu behar izan du AEK-k, egoera dela eta. Euskaltegiei babesa emateko ekitaldia egin dute Ordizian
Aurten ezin izan da, baina dagoeneko hasiak dira 2022ko Korrikarako giroa berotzen. Data ere jarri dute: martxoaren 3tik apirilaren 10era bitartean izango da. Horren harira, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! egitasmoa egin dute asteburuan Euskal Herriko 80 herritan, AEK-k antolatuta. Goierriri dagokionean, Ordizian izan da ekitaldi nagusia, eta eskualdeko euskalgintzako hainbat ordezkari elkartu dira bertan.
Korrika urtebetez atzeratu behar izan ez balute, atzoko egunez bukatuko zatekeen. Eta egun hori aukeratu du AEK-k euskarari eta euskaltegiei bultzada emateko sortutako egitasmoa aurkezteko. Korrika aurten egin ezin izana «kolpe handia» izan da AEKrentzat, zorpetu egin behar izan baitute ikasturteari aurre egiteko. Horregatik, datorren urteko Korrika «inoiz baino beharrezkoagoa» izango dela diote.
Ekitaldi xumea izan da Ordiziakoa, egungo egoerari egokitutakoa. Irati Aldaz beasaindarrak irakurri du adierazpena. «Euskarak hiztun berri asko irabazi ditu azken hamarkadetan, eta horien artean, hainbat eta hainbat euskaltegietatik atera» direla azaldu du. Horrez gain, «Euskal Herriko herritarren %55 erdaldunak dira, eta horregatik euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu».
Euskara sustatzeko hainbat bide daudela azaldu dute, eta hau aurrera eramateko «norberak bere ekarpena egitea ezinbestekoa» dela diote, «egunero eta aukera dugun guztietan euskara erabiliz eta prestigiatuz, jendea euskaltegietara joan dadin animatuz, matrikulazio -kanpainak sustatuz, euskaraz bizitzeko nahia plazaratuz…».
Behin adierazpena irakurrita, Euskal Herrian euskaraz kanta abestuz bukatu zuten ekitaldia.













