Liskarra piztu da udalbatzarrean udala-dukea hitzarmenaren harira
Lazkaoko Udalak lur zerrenda bat eskuratuko du jauregian. Jarduera ekonomikoa ahalbidetuko dio dukeari, trukean. Akusazio eta iseka-hitz gordinak izan dira bi udal taldeen artean.
Aspaldian gogoratzen den udalbatzar liskartsuena eta gatazkatsuena izan zen joan den ostegunekoa Lazkaon. Udalak eta Infantaduko dukeak itxiko duten hitzarmenaren inguruan sortu ziren bi udal taldeen arteko akusazioak, isekak eta mespretxuak.
Infantaduko jauregiko lorategian, Agauntza erreka alboko lur zerrenda bat eskuratuko du udalak, San Migel eliza ondotik Hariztiko parkera pasealekua luza dezan. «Udalarentzat eta herriarentzat akordio ona da», ziurtatu du Kepa Zubiarrain alkateak.
Trukean, dukeak jauregian aktibitate ekonomikoren bat jarri ahalko du. Hirugarren sektoreko jarduerak baimentzeko, Arau Subsidiarioak aldatu behar dira horretarako: «Gaur egun, ekipamendu orokorreko gisa kalifikatuta dago jauregiko eremua; irabazi asmorik gabeko jarduerak soilik ahalbidetzen dira. Baina horrek jauregiaren mantenua asko zailtzen du, kontserbazio-gastu handiak dituelako. Jauregia eraberritzeko premian da, eta jabeak asmoa du. Egoera onean egotea garrantzitsua da herriarentzat, gune historikoan eta herri sarreran dagoelako», justifikatu du alkateak aldaketa.
EH Bilduko bozemaile Joxemai Ormazabalek, ezezkoa argudiatzerakoan, EAJ dukeari «alfonbra gorria jartzen eta ipurdia miazten» ari zaiola salatu du: «Ibai ertzeko lurra eskuratzea ondo dago, baina hori huskeria da Lazkaok dukeari eman dionarekin. Jakin dugu Promociones Goierri higiezin-enpresaren atzean dukea dagoela, eta hainbat proiektutan etekin milioidunak atera ditu herri honetan».
Ika-mika gordina
Ez zen horretan geratu, eta EH Bilduko bozemaileak gehitu zuen EAJren jarrerak zalantza eragiten diela udal-duke harremanean: «EAJko pertsona kualifikatu bat dukearen ordezkari izan zen udalaren aurrean, negoziazio prozesu batean. Orduan, zalantzak sortzen zaizkigu: EAJ dukearen alde ala Lazkaoko herriaren alde ari da?».
Alkateak erantzun dio ez dakiela balizko ordezkariarenik ezer. «Ez zait inporta. Negoziazioa nik eraman dut, aholkulari juridikoen oniritzia du, eta legea betetzen du. Eta, dudarik gabe, udalaren interesak defenditzen ditu EAJk».
EAJko bi zinegotzi sartu ziren eztabaidan, eta zeinetaz ari zen argitzeko eskatu zioten. Ormazabalek izena bota zuen: «Inazio Estensoro da». Alkateak akusazio larritzat jo zuen hori, eta aktan jasotzeko eskatu.
EAJko zinegotziek gezurtatu egin zuten ordezkari izan zenik, eta gogor erantzun zioten EH Bilduri. «Kaka nahasten ari zarete, betiko lepotik burua. Miserableak. Beti bezala, besteen izena zikindu besterik ez duzue nahi», esan zuen Felix Urkola zinegotziak eta alkate ohiak, jarrera «lotsagarria» leporatzeaz gain.
Eztabaida erabat gogortu eta luzatu zen, ika-mika bortitz bihurtuta; «miserable» eta «inpresentable» hitzak behin eta berriz erabili zituzten EAJko bi zinegotzik. Haien hitzen gainetik eta kontra, publikotik ere oihuak eta «lotsagabea» bat atera ziren. Giroa gaiztotuta, galde-erreguen txandan segitu zuen eztabaidak.
Hitzarmenari aldeko 7 eta kontrako 6 botorekin eman zaio onespena. 15 eguneko helegite-epea irekiko dute orain.
Otsoaren aurkako mozioa
Enba eta EHNE nekazari elkarteek aurkeztuta, otsoaren babesaren aurkako mozioa onartu du, bestetik, udalak. Ez eztabaidarik gabe. EAJk bozkatu du alde, eta EH Bildu abstenitu da.
Lazkaoko tabernariek protesta zaratatsua egin zuten udalbatzarraren hasieran, plazan.