Goierriko diagnosia egiten ari da Goieki erronka berriak identifikatzeko
'Berrabiarazi' proiektuaren barruan kokatzen da Goierriko Garapen Agentzia burutzen ari den lana. Eskualdeko 335 enpresekin elkarrizketak egingo dituzte
Goieki Goierriko garapen agentziak, Berrabiarazi proiektua jarri zuen martxan 2020ko irailean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Goierri eskualdean, industria, ekintzailetza eta turismoa bultzatzeko eta dinamizatzeko helburuarekin; hain zuzen ere, eskualdearen etorkizuneko jasangarritasunaren ardatz nagusitzat hartzen dituenak. Ardatz horiei esker, ekosistema oparoa, lehiakorra balio erantsi handikoa lortuko dela aurreikusten du Goiekik.
Proiektu horrek pandemiak eskualdean utzi duen egoeraren diagnosi bat burutzea ahalbidetuko du. Hala, 335 enpresa elkarrizketatzeko helburua du Goiekik, horietatik 185 industria arlokoak eta 150 ekintzaileak. Elkarrizketekin lortu nahi diren helburu nagusienak ondorengoak dira: enpresen egoera lehen eskutik ezagutu eta etorkizuna definitzen lagundu; etorkizuneko proiektuak detektatu; bailara mailako proiektuak planteatu; eta egoera kritikoan daudenei epe motzean neurriak hartzen lagundu.
Orain arteko lanarekin, hainbat ondorio atera ditu Goiekik: industria arloan identifikatu diren behar nagusiak, bezero gehiago eta dibertsifikatuagoak, produktu edo zerbitzu berrien garapena, digitalizazioa, talentua eta gastuen murrizpenak izan dira.
Ekintzailetza eta zerbitzuetan berriz, pertsona premiak, lan antolaketa, finantziazioa, lan arrisku prebentzioak, harremanetarako tresna berriak eta inbertsioen planifikazioa dira lerro nagusiak.
Diagnosia bukatzean, eskualdeko udalekin batera, lan ildo batzuk definituko ditu Goiekik, dauden beharrei irtenbidea emateko asmoarekin.
Jarri harremanetan
Gaiaren inguruko kontsultaren bat egin nahi dutenek, harremanetan jar daitezke: enpresa industrialak xabier.goieki@goierri.eus epostara idatzita; ez industrialak, berriz, maialen. goieki@goierri.eus epostara.













