Alex Aranburuk aurrean bukatu ditu Ardenetako hiru klasikoak, estreinako aldian
Erregulartasun miragarriz eta kementsu jarraitzen du Alex Aranburuk (Ezkio, 1995) World Tourreko denboraldian. Euskal Herriko Itzulian etapa bat irabazita eta ikuskizuna emanda bukatuta, Herbeheretan eta Belgikan Ardenetako hiru klasikoak korritu ditu geroz, zazpi egunetan. Denetan aurrean ibili da.
Astebeteko atsedenaldia hartu ostean, Amstel Gold Racen berragertu zen Aranburu, apirilaren 18an. Herbeheretako egun bakarreko proba ospetsua (218,6 km) 11. bukatu zuen, esprintean onenen artean kokatuta. Wout van Aertek irabazi zuen.
Hiru egun geroago, Fleche Wallonne klasikoan (193,6 km), Huyko murruan 13. postuarekin errepikatu zuen lorpena, Julian Allaphilippe garaileagandik 16 segundora helmugaratuta.
Lehengo igandean, azkenik, Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa (259,1 km), eta txirrindularitzako bost monumentuetakoa, 21. amaitu zuen. Belatzen Harkaitza gaineraino buruko taldean joan zen, bost indartsuenek erasoa jo arte. Tadej Pogacarrek irabazi zuen Liejan (Belgika).
Aurten daramatzan 25 lasterketa egunetatik seitan lehen 10etan sailkatu da, Milan-San Remon 7. eginda tartean. Aurreneko aldiz izan da Ardenetan.













