Ampo Ordiziak porrot gogor batekin amaitu du liga erregularra
Ampo Ordiziak, 51-21 galdu du Barçaren kontra, laugarren geratuz, Barçak eta VRACen artekoaren faltan. Moyuak, finalerako txartela lortu du Madrilen
Ampo Ordiziak ezin izan du Barçarekin, errugbiko Ohorezko Mailako ligako azken partidan. Porrot gogorra izan da taldearentzat. Iñigo Marotias entrenatzaileak partida amaitu ondoren, hala adierazi zuen: «Min handia egin digu batez ere minutu askotan zehar partida borobil eta gogor bat egiten aritu garelako, baina momentu batean besoak jaitsi ditugu eta gu garen horri izateari utzi diogu».
Altamira gotorlekuan bai, baina etxetik kanpo, gauzak ez dira nahi bezala atera, eta asteburuan, hala gertatu da. Lehenengo zatia oso parekatua izan zen. 10. minuturako bi taldeek entsegu bana egina zuten, eta hori izan zen lehen zati horretako dinamika; talde batek puntuak egin, eta berehala etortzen zen aurkariaren erantzuna. Guztira, beste bi entsegu gehiago egin zituen talde bakoitzak. 24-21 joan ziren atsedenaldira.
Partida horrela hasita, garaipena lortzeko aukera handiak zituen Ampok, baina, atsedenaldiaren ondoren, partidaren norabidea guztiz aldatu zen. Marotiasek berak esan bezala, «besoak jaitsi» zituen taldeak. Bost entsegu gehiago egin zituen Barçak, Ampo Ordiziak bat bera egiterik ez zuen lortu. Partida amaierako emaitza, 51-21.
Emaitza negatiboak ordiziarrak laugarren postuan uzten ditu, baina oraindik ez da behin betikoa, Barça Rugby bosgarrena baita, lau puntura eta partida baten faltan.
Katalanek VRACen aurka jokatuko dute Pepe Rojo zelaian, Valladolideko taldeak ezer jokoan izan gabe. Garaipena lortuz gero, talde katalana, ordiziarren aurretik jarriko litzateke eta Play-Offetako final-laurdenetan zelai faktorea kenduko liokete. Hori bai, Ampo Ordiziak aurkaria ezagutzen du eta igandeko bera da. Orain final-laurdenetako partida eszenatoki berean edo Altamiran jokatuko den jakitea besterik ez da falta.
Orain, asteburuko partida gogorretik fisikoki eta mentalki berreskuratzeko denbora izango dute Ampo Ordiziako mutilek. Hurrengo bi asteburuetan atsedena izango dute, eta indarrak hartu eta Play-Offetarako prestatzeko baliatuko dute.
Moyua garaile
Ampo Ordiziarenak baino albiste hobeak dira bigarren taldearenak. Izan ere, Moyua 23 urtez azpiko taldea, ligako finalerako sailkatu da, Alcobendas taldeari, Madrilen, 13-16 irabazi eta gero. Ordiziarrek partida garrantzitsua zuten, baina nahiz eta zelai-faktorea aldeko ez zuten, garaipena eskuratzea lortu zuten, partida gogor batean.
Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen ordiziarrentzat. 7. minuturako 0-10 zihoazen aurretik eta partida kontrolpean zutela zirudie. Atsedenera, 8-13 iritsi ziren. Bigarren zatian, Alcobendasek asko estutu zuen. Nahiz eta Odriozolak sartu lehenengo puntuak, 69. minutuan Jorge Elvirak etxekoentzako entsegua lortuko zuen. 10 minuturen faltan eta markagailua 13-16, eta ordiziarren defentsa lan onari esker, hala mantendu zen partida amaiera arte.
Garaipen honek, hurrengo astean Madrilgo Central zelaien jokatuko den finalerako txartela eman dio Asier Pazosen taldeari.













