Osoko bilkuran aho batez onartu dituzte Zaldibian gai guztiak
Hiru gai nagusirekin egin zuten ostegun iluntzean Zaldibiako udal zinegotziek ohiko osoko bilkura, telematikoki. Hiru gaiak aho batez onartu zituzten. 2020ko kontuko diru gerakina 2021eko aurrekontura txertatzea izan da onartutako puntu bat. Denera, 896.644,17ko gerakina zeukan udalak: horietatik 393.601,01 euro sail zehatzetarako jarriak baina gastatu gabeak, eta aurtengo aurrekontuan helburu berdinetarako izendatu dira; udaletxe berriaren obra, gazteen eta adinekoen ekimenak, eta partaidetzara, nagusiki.
Beste 503.043,16 euro aurtengo aurrekontuari gehitu zaizkio. Udaletxea amaitzea, altzariz hornitzea, udaletxe zaharra botatzea, plaza berritzeko lanak hastea, eguzki-energia sortu eta udal eraikinak hornitzeko proiektua, eta gizarte-ongizatea dira diru horien helburuak.
«Soberakinaren zati handi bat, 200.000 euro, iaz Leader programako laguntza lortu izanari dagokio; eta gainontzekoa aurreko urteetan pilatzen joan garena da, batik bat», argitu du Eztitxu Mujika alkateak.
Alkatearen ordezkoa
Gizarte larrialdietako laguntzen lehentasunak ere aho batez onartu zituen Udalbatzak; baita alkatearen amatasun baja garairako jardunekoa izendatzea ere. Ekainaren lehenetik, Mikel Luloaga alkateordeak beteko du alkate funtzioa.












