On Egin kanpaina itxita, Euskadi Turismo indarrean
Legazpiko Udalak 2021 urteko On Egin laguntza kanpainaren emaitzak kaleratu berri ditu. Martxoaren 21ean hasi eta apirilean zehar garatu zen kanpaina, tokiko ostalaritza suspertzeko deskontu bonuetan oinarrituta. Hala, atxikitutako tabernetan edo jatetxeetan egindako bost euroko kontsumo bakoitzeko, bi euroko bonua oparitzen zitzaion kontsumitzaileari.
Udalak, 9.000 bonutan banatutako 18.000 euro jarri zituen kanpaina horretarako, eta horrekin 72.685 euroko kontsumoa egitea lortu zuten.
Kanpainan parte hartzera gonbidatutako 27 establezimenduetatik, 18k parte hartu zuten, horietatik 14 tabernak ziren eta lau jatetxeak.
Balorazioan, kanpainak izandako kostua ere azaldu du udalak. Bertan parte hartu duten langileen kostua 4.497 eurokoa izan da, eta kartelak eta bonuak diseinatzeko kostua 2.000 eurokoa. Guztira 6.497 euro izan dira.
Euskadi turismo bonua
On Egin kanpaina itxi zen Legazpin, baina gaur egun indarrean daude oraindik apirilean martxan jarritako Euskadi Turismo Bonuak. Kanpaina honetan, herriko 13 establezimendu ari dira parte hartzen: Bai Bidea (Batzoki) eta Azpikoetxe jatetxeak, B The Travel Brand bidaia agentzia, Bergaretxe Geltokia apartamentuak, Pastain nekazal turismo etxea, Ormazarreta zalditegia eta Kukue, Katilu, Elizondo, Gurrutxaga, Xarpot, Insausti eta Mendi tabernak. Legazpiko Udalak 15.000 euro gehiago jarri ditu kanpaina honetarako, herrian atxikitako saltokiek deskontu bonu gehiago izan ditzaten. Bi eratako deskontuak daude. Batetik, ostalaritzako, jate- txeetako eta interes turistikoko jarduera eta enpresetan erabiltzeko 5 eta 10 euroko deskontuak daude, hurrenez hurren 20 eta 40 euroko gutxieneko erosketetarako. Bestetik, ostatuetan 20 euroko deskontua izango da, 60 euroko gutxieneko gasturako.
Herritarrek establezimenduetan eskatu behar dituzte bonu horiek, eta gehienez 40 euroko deskontu bonuak erabil ditzake pertsona bakoitzak, faktura eta establezimendu bakoitzeko, bi deskontu bonu baino ezingo dira erabili. Abenduaren 31ra arteko epea dago.













