Lazkaoko EH Bilduk alegazioa aurkeztu dio udala-dukea hitzarmenari
Lazkaoko EH Bilduk alegazio bat egin dio udalak eta Infantaduko duketxeak sinatuko duten hirigintza hitzarmenari, zeinaren bidez udalak erreka alboan lur zerrenda bat eskuratuko duen, eta dukeak jauregian negozio bat jarri ahalko duen. Akordio hori bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk. Martxoaren 25ean onartu zuen Udalbatzak, EAJren aldeko 7 botorekin eta EH Bilduren aurkako 6rekin.
Hirigintza hitzarmenak interes publikokoa izan behar duela, eta itunak interes pribatuak defenditzen dituela esan du EH Bilduk. 2009an Arau Subsidiarioak «kontsentsu zabalez» onartu baziren, batasun horren aurka egiten duela salatu du, bestetik.
Herri erdian kokatutako orube hori esku pribatuetan egoteak etorkizuneko garapena «asko» baldintza dezakeela gehitu du, eta udalari bereganatzeko ahalegina eskatu dio. «Lazkaon gela eta areto premia handia dago, musika eskola, kultur ekitaldi bilera gelak… Premia hori asetzeko jauregia oso aproposa da».
«Aparteko nabarmentasun historiko, kultural eta arkitektonikoa duen ondareak» esku publikoetan egon behar lukeela ere erantsi du, eta beneditarren liburutegia jarri dute adibide.
Azkenik, hirigintza plana berrikusteko epea 2019an amaitu zela, eta aldaketarik ezin dela egin jada ohartarazi du.












