Agurren eta ongietorrien bilkura Zaldibian, udaletxeko azkena
Txanda-emateen udalbatzarra izan zen Zaldibian joan zen ostegunekoa, okasiorako udaletxean bertan egindakoa, aspaldiko partez. Mikel Luloaga jarduneko alkateak zuzendutako lehenbiziko udalbatzarra izan da. Eztitxu Mujika alkateak baja hartu du uztailean haurra izateko, eta urte amaiera aldera arte amatasun baimenarekin egongo da. Luloagak lanaldi osoko dedikazio ordaindua izango du.
Udaletxe zaharrean «ziurrenik» egin den azkeneko udalbatzarra izan zen, bestetik. Udal eraikin berria prestatzeko azken txanpan sartuta daude, eta uda baliatu nahi dute aldaketarako.
Bi urte zinegotzi aritu den Laida Elizegik kargua utzi zuen. Agur eta esker hitzak esan zituen. Maialen Mendizabal Luluagak hartuko du haren tokia uztaileko bileran, EH Bilduren zerrendan hurrena baitzegoen.
Goiekiko kapital handitzeko bi urtean 35.164 euro jartzea ere aho batez onartu zuten. Zaldibiak 5.851 titulu edukiko ditu. Udaletxeko jendaurreko arreta ordutegia onartu dute: astelehenetik ostegunera 08:30-16:00, eta ostiraletan 15:30a arte.













