Azken bi urteetako udal kudeaketa kritikatu du PSE-EEk
Ordiziako PSE-EEko bozeramaile Iñaki Dubreuilek, agintaldiaren bi urteen balantzea egin du. Orain arte ezagun ez zen testuingurua zabaldu du COVID-19ak, legealdian eragin zuzena izan duena. Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, Dubreuilek uste du, Ordiziako Udal gobernu-taldeak, EH Bilduk eta Podemosek, hartutako neurriak ez direla nahikoak, eta «anbizio handiagoko neurriak» beharrezkoak direla. Ziurtatu du, gustatuko litzaiokeela tokiko gobernuak oposizioa kontutan izan balu krisiaren hasieratik.
Ordiziako talde sozialistaren bozeramaileak esan duenez, Udal gobernuak ez ditu PSE-EEren «hausnarketa eta plangintza proposamenak aintzat hartu, oso gutxitan izan ezik», eta Ordiziak aurrean duen erronka honetan, «elkarrekin indartsuagoak gara, krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren ondorioak arintzeko». «Ezinbestekoa da indarrak batzea», esan du Dubreuilek, eta konbentzituta dago «udalerrian dagoen aniztasuna» eta «ideia eta proposamen desberdinak ukatzeak» ez duela laguntzen egoera honetatik irteteko.












