Dantza asteburua, borobila
Amets Bidek antolatuta, dantza asteburu betea izan dute Ordizian. Antolatzaileak gustura gelditu dira, dantza saioen mailarekin eta publikoaren erantzunarekin
Dantzatzen duen herria, bizirik dagoen herria da. Eta hala erakutsi du egun hauetan Ordiziak, Amets Bide taldeak antolatutako Dantza Asteburuarekin. Larunbatean hasi eta igandera arte, lau ikuskizun egin dituzte, estalpean nahiz kalean.
Urte berezia pasa behar izan dute, beste askok bezala, Ordiziako dantzariek ere. Baina ikasturte amaierarako zerbait berezia antolatu nahi zuten, eta asteburu osorako egitaraua egin dute azkenean. Antolatzaileak gustura gelditu dira emaitzarekin. Izaro Intsausti Amets Bide taldeko kidearen esanetan, «dena oso ondo» atera da, eta «oso pozik» gelditu dira emaitzarekin. «Maila handiko emanaldiak izan dira denak, eta ikustera joan den jendea ere oso gustura gelditu da». Pena bakarra gelditu zaie, larunbat arratsaldeko ekitaldiak barruan egin beharra; aforo kontuengatik, ezin izan zuten nahi adina publiko hartu. «Baina tira, egoera honetan horrelako ekitaldi bat egin ahal izatea ere ez da gutxi; pozik gaude».
Larunbat eguerdian Iker Murillo Studio 24 ballet eskolako ikasleek zabaldu zuten egitaraua. Tartean hainbat ordiziar ere ari dira, eta saio ederra eskaini zuten Beti Alai pilotalekuan. Arratsaldean berriz, Amets Bide dantza taldekoen txanda izan zen; aurrena haur eta gaztetxoek eta ondoren helduek egin zuten emanaldi bana.
Igandean, berriz, ballet eskolakoen eta Ordiziako dantzarien artean, ‘barandilla’ egin zuten, Barrena parkean. Ekitaldi «berezia» izan dela azaldu du Intsaustik. «Ehun bat dantzarik parte hartu zuten, eguraldiak ere tregoa eman zuen, lekuak asko laguntzen du, eta ederra izan zen». Aurrera begira, ekitaldi hori urterokoa bihurtu nahi lukete.













