Dantza pauso finak plazan
Zumarragako Santaisabeletako dantza libreko txapelketa jokatu da Zelai Ariztin. Legazpiko Korosti eta Legorretako Irrintzi Alai taldekoek ikasturte amaierako jaialdiak egin dituzte.
Udako lehenengo asteburuan, San Joan, San Pedro eta Santa Isabel egunen inguru-marian, dantzak protagonismo berezia izan du Zumarragan, Legazpin eta Legorretan, txapelketan zein dantza ikuskizunetan. Iazko etenaren ondoren, urteroko hainbat ekitaldi berreskuratzen hasi dira pixkanaka beraz, COVID-19aren hedapena saihesteko segurtasun neurri guztiak beteta.
Asteburuko lehenengo dantza hitzordua Zumarragan izan zen larunbat eguerdian, Zelai Arizti aretoan, dantza libreko 48. Santa Isabel lehiaketa jokatu baitzen. Punta-puntako zazpi dantzari bikote aritu ziren nor baino nor, Zumarragako txistularien eta trikitilarien soinuen erritmoan.
Txapeldunak Katerin Artola (Oiartzun) eta Iker Belintxon (Lezo) izan ziren; 330 euro, zapia, txapela eta garaikurra jaso zituzten Rosa Maiza Zumarragako alkateordearen eta Aitor Aldalur Zumardi elkarteko presidentearen eskutik. Bigarren postuan geratu ziren Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrak (275 euro eta garaikurrak) eta hirugarrenean Maren Galvez (Lezo) eta Gorka Granado (Sopela); 230 euro jaso zituzten.
Legazpin bi saio
Legazpiko eta Legorretako dantza saioak lehiarik gabekoak izan ziren, nahiz eta jendaurrean dantza egiteak eragiten duen urduritasuna nabaritu zen dantzarien artean.
Legazpin azkenean Urbeltz pilotalekuan egin zituen Korosti dantza taldeak larunbatean bi dantza saioak. Adin desberdinetako dantzarien saioez gozatzeko aukera izan zuten Urbeltzera gerturatutakoek.
Legorretan
Legorretako Irrintzi Alai dantza taldekoak Harripila kiroldegiko oholtzan dotore aritu ziren, eta dantza egitearen balioak nabarmendu zituzten aurkezleek: «Dantzatzea delako, adibidez, gorputza astintzea, mugitzea, gorputzaren bidez transmititzea,talde egitea, komunitatea egitea, elkartzea…».













