Felix Baltistan fundazioari eta Aspanogi elkarteari 1.000 euro udaletik
Ezkio-Itsasoko Udalak bi donazio egitea erabaki du. Alde batetik, 1.000 euro emango dizkio Felix Baltistan Fundazioari, eta bestetik, beste 1.000 euro Aspanogi elkarteari. Azken elkarte horren harira, hitzaldiak eta solasaldiak ere egingo dituzte Ezkio-Itsasoko eskolako umeekin, irailetik aurrera.
Baltistan fundazioa Felix Iñurrategiren omenez sortutakoa da. 2000. urtean Pakistango Baltistan eskualdean dagoen Gasherbrum II menditik jaisten hil zen Aretxabaletako mendizalea, eta urtebete beranduago sortu zuten fundazioa senideek eta lagunek. Pakistango eskualde horretako hezkuntza, emakumeen ahalduntzea, osasuna eta natura-hondamendien kudeaketa hobetzeko lanketa egitea da fundazioaren helburua.
Elkartasun proiektuak
Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen guraso elkartea da udalak babestuko duen beste ekimena. «Urteko helburu guztiak aldez aurretik markatzen dituzte eta gaixoen eta familien ongizatean, elkarlaguntzan, gaixotasunaren sozializazioan, ikerkuntzaren bultzadan eta eskubideen aldarrikapenean oinarritzen dira», azaldu du udalak ohar baten bidez. Kontzientziazio eta elkartasun proiektuak ere egiten dituzte: «Eskolara irail-urrian gerturatuko dira hitzaldiak umeekin egiteko asmoz».












