Positibo berrien kopurua azken hiru hilabeteetako handiena da
37 positibo gehiago atzeman ziren atzo eskualde osoan. Apirilaz geroztik ez zen horrenbeste positibo batera atzeman.
Zumarragan pilatu ziren gehienak. Eremu gorrian sartu zen, ondorioz. Aldaketak, halere, ez dakar eragin zuzenik. Urretxurekin batera, gorrian dauden eskualdeko herri nagusi bakarrak dira. Ordizia eta, bereziki, Beasain eta Lazkao mugan daude, hiruak eremu laranjan.
Intzidentzia tasa ere gora egiten ari da. Goierriko intzidentzia 348,96koa da, eremu laranjan. Eremu gorrira datozen egunetan igaro daiteke, bilakaera gelditzen ez bada. Uztaila hasiera 100.000 biztanleko 70 kasuetatik behera zegoen intzidentzia.
Iñigo Urkullu lehendakariaren arabera, positibo berrien atzean maskararik gabeko harremanak daude. ««Maskara, maskara eta maskara» eskatu zien herritarrei. «Hori da egin nahi dudan deia». Orain arteko neurriei eutsiko diela ere esan zuen, nahiz eta ez zuen baztertu neurri-murriztaile zehatz gehiago ezartzea datozen egunetan. Datorren astean bilduko da Labiaren batzorde politikoa.
Asteko txostena
Osasun Sailaren asteko errepasoa egiten duen txostena ez zen argitaratu atzokoan eta hildakoen kopurua ez zen eguneratu. Azken hiru asteetan ez du goierritar bakar batek ere bizia galdu COVIDak jota.













