«Naturarekin bat egiten dut eta deskonektatzera narama»
Segurako txokoak eta altxorrak ondo asko ezagutzen ditu Iosune Arrondo turismo teknikariak. Azpillako ibilbidean, Iturriberritik aurrera, «baso sorgindu itxura duen txoko bat» aukeratu du, denen artean.
Iosune Arrondo segurarrak ondo baino hobeto ezagutzen ditu bere jaioterriaren eta inguruko altxorrak, besteak beste, 2002tik Segurako udaletxean kultura eta turismo arloan ari baita lanean. Denbora librean, yoga praktikatzea, paseatzea, irakurtzea, idaztea eta garapen pertsonaleko gaietan sakontzea dira bere zaletasunak. Arrondoren Segurako toki kuttunak naturarekin eta paseatzearekin du lotura, baso sorgindua deitu duen tokia aukeratu baitu.
Leku kuttun hori Azpillako ibilbidean dago. Parketik igota, bidegurutzean ezkerretik jarraitu behar da; Iturriberri izeneko iturria metro batzuetara dago. «Iturri horretako ura osasunarentzat onuragarria da, baina edateko modukoa ez dela pentsa daiteke, ur ustelaren usaina baitu».
Asfaltatutako errepideari jarraituz, Mantsotegi baserria eskuinetara utzi eta, jarraian, «baso sorgindu itxura duen txoko honetan sartuko gara».
Naturarekin bat
Segurako Azpilla inguruko ibilbide horretan paseatzea gustatzen zaio, «eta batez ere, txoko honetan gelditzea». Izan ere, «naturarekin bat» egiten duen tokia da Arrondorentzat, «eta egunero hainbeste erabiltzen ditugun ordenagailuetatik eta mugikorretatik deskonektatzera narama».
Era berean, «txorien kantua eta uraren jarioa entzutea, eta inguru zoragarri honetan arnasa sakon hartzea etxe ondoan ditugun luxu handiak dira».













