«Bakea eta lasaitasun handia ematen didan leku kuttuna da bolalekua»
Garbiñe Alustiza bolaria bada, hein handi batean Zeraingo bolatokiak duen xarmagatik da. Aita eta anaia joaten ziren bolak botatzera, era bera ere sorgindu zuen leku hark. «Bazuen benetan zerbait leku hark, ni garai hartan erakartzen ez ninduena, baina gerora deskubritu nuena».

Garbiñe Alustiza zeraindarrak umea zenean bazuen toki kuttun bat: «Etxean entzundako kondairak zioen bezala, Sansonek Aizkorritik Txindokira botatako harritzar baten zatitxo bat Zerainen erori omen zen. Txoritegi haitzera gerturatzen ginen gurasoengandik jasotako hura buruan genuela, erabat liluratuta istorioarekin. Zeraingoa harri koxkor bat baldin bazen, ikaragarria behar zuen izan Sanson indartsuak botatakoak. Gerora legenda hura indarra galtzen joan zen neurri berean galdu genuen guk haitz hartara gerturatzeko genuen grina, inguruan perretxikuak biltzera joateko ez bazen behintzat». Geroago, berriz, «hurbil-hurbileko zerbait» bihurtuko zen Alustizaren leku kuttuna: herriko bolalekua. «Bertan igarotzen zituzten aitak eta anaiak ordu dexente, tartea zuten bakoitzean ‘bola batzuk botatzera goaz’ esan eta hara hurbiltzen ziren biak. Bazuen benetan zerbait leku hark, ni garai hartan erakartzen ez ninduena, baina gerora deskubritu nuena».
Txoko bat baino gehiago
Harriz eta egurrez estalia da, irekia eta argitsua aldi berean. Ingurua berdegunez eta zuhaitzez inguratua. «Bero egiten duenean guztioi itzala ematen digu eta hotza denean bolarien goxotasunak guztiok berotzen gaitu. Niretzat txoko bat baino gehiago da, nire barruarekin hitz egiteko, sekretuak kontatzeko eta baita aurrekoak orainarekin harremanetan jartzeko giltza ere. Bakea eta lasaitasun handia ematen didan leku kuttuna da».