Tobera Musika Eskolan gaur hasiko dute ikasturte berria 170 ikaslerekin
Aurten 275 matrikula egin dituzte 4 eta 71 urte bitarteko ikasleek. Bederatzi musika talde izango dituzte aukeran ikasleek, eta ikasleak izan ez arren musika gustuko duten herritarrek
Segura, Zegama, Zerain eta Mutiloako Tobera Musika eta Dantza Eskolako ikasleek gaur hasiko dituzte eskolak. Aurreko ikasturtean baino laurdena pasa ikasle eta matrikula gehiago izango dituzte 2021-2022 ikasturtean. 170 ikaslek 275 matrikula egin dituzte. 4 urtetik 71ra bitarteko ikasleak hartuko ditu orain hasiko duten ikasturteak.
Eskolatik azaldu dute ikasle kopuru-hazkuntza horren atzean «musika-eskolaren eskaintza zabala, kudeaketaren gardentasuna, kuota apalak, eta COVID-19aren testuinguruari sormenez erantzuteko musika-eskolak erakutsitako jarrera» egon litezkeela. Tobera Musika Eskolan, ikasle bakoitzak aldi berean espezialitate bat baino gehiago jorratzeko aukera dauka.
Gaur ekingo diote ikasturteari. Ordutegiak aurrez banatu dituzte eta irailaren hasieratik musika-eskolaren Zegamako, Zeraingo zein Segurako egoitzetan daude ikusgai musika-hizkuntzako eta euskal dantzatako behin behineko taldekatzeak eta ordutegiak. Atzo, berriz, instrumentuan matrikulatutako ikasleekin aurrez aurre adostu zituzten irakasle bakoitzak ordutegiak. Toberako arduradunek «ikasleen eta langileen segurtasuna ahal bezain beste bermatzeak ikasturteko helburuen artean egoten jarraituko duela» ziurtatu dute.
Musika-taldeak
Koronabirusaren aurrean Toberan zer-nola jardungo duten azaltzen duen protokolo zehatza egungo beharretara eta Eusko Jaurlaritzaren irizpide berrietara gaurkotu dute eta neurrien berri eman diete familiei. Ohiko eskolez gain, ikasleek taldetan aritzeko aukera izango dute, musikaz elkarrekin gozatzeko helburuz. «Ikasleei musika-taldeetan parte hartzeko aukera emango zaie berriro aurten, aurreko ikasturtean aukera hori murriztuta izan eta gero, ikasleen arteko harremanak gutxitu asmoz».
Bederatzu musika-talde ezberdin izango dituzte aukeran 2021-2022 ikasturtean, eta ikasleez gain, eskolako ikasle ez diren arren, musikarako dohainak dituzten herritar guztiek ere har dezakete parte taldeetan.












