Esparrura mendi jira egingo dute igandean lazkaotarrek
Amalur mendi elkarteak antolatuta, Esparru mendira igo eta urteroko festa «modu xumean» ospatuko dute, pandemia dela eta.
Iraileko hirugarren igandean ohi denez, Esparru mendira igotzeko eguna dute etzi Lazkaon. Amalur mendi elkarteak iganderako hitzordua jarri du, 09:30ean plazatik irtenda. Izurriteagatik normaltasunik ezingo denez izan, «modu xumean» egingo da jira. Jende gehiegi ez bateratzeko eskatu dute, eta gehienez 10 bat laguneko taldetxoetan joateko, igoera desberdinetatik. Gailurreko ekitalditxoa 11:30-12:00ak aldera izango da, distantziak errespetatuta eta musukoekin.