Idiazabalgo udal jardueraren azken bi urteak baloratu ditu Izal Bai taldeak
Izal Bai taldeak udal jardueraren azken bi urteetako errepasoa eta balorazioa egin du, eta Idiazabalgo etxebizitzetara zabaldu du eskuorrien bidez. Udal barruko ekintzak nola ikusten dituzten azaldu eta haien helburuen berri emateko. EH Bildurekin desadostasuna agertu dute ohar hasieran: «Elkarlanerako jarrera, gurea eta EH Bildurena ez dira berberak, askotan hitz politak entzuten ditugu baina ekintzak ez doaz esandakoarekin bat».
Landa garapenerako batzordeburutza uztearen arrazoi nagusia «alkateak gestioak bere kasa» egin izana izan dela azaldu dute, eta abeltzainen elkartea ere aipatu dute: «Abeltzainen elkarteak ere agertu die kezka eta desadostasuna, lehengo dinamikak erabat hautsi ditu udalak». Informazio eta gardentasun faltak eta udalaren egoera ekonomikoaren bilakaerak ere kezkatzen dituela azaldu dute. Ontzat jo dituzte, aldiz, berdintasun plana, kirol ekipamenduen erabilera araudia, usoen hazkundea etetea, landa auzoetako bilerak, parte hartze prozesuak eta «bandalismo ekintzen aurrean erreakzionatzea».
Izal Bai taldearen jardunari dagokionez, «herria hobetzea ez den beste interesik gabe leialtasunez ekarpenak» egiten dabiltzala gehitu dute. «Hobetu beharrekoak hobetzearren eta gure ustez gaizki egiten direnak zuzentzearren».