Konpromisoa berretsi du udalak Gainditzen-ekin
Pertsona gorren nazioarteko eguna da bihar, larunbata, eta Ordizian, bat egingo dute egun horretako aldarriekin, hainbat ekintzen bidez. Batetik, Ordiziako Udalak eta Gainditzen Tolosaldeako eta Goierriko pertsona gorren elkarteak, orain arteko konpromisoa berretsi dute. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak prentsaurrean nabarmendu du, Ordiziako Udalaren lehentasuna dela «herritarren ongizatea bermatzea, eta horiek hobetzeko urratsak ematea». Gainditzen elkartearekin «harremanetan jarraitzen» dutela, eta horregatik, biharko, ekintza desberdinak antolatu dituztela, non herritar guztiek parte hartu ahal izango duten.
Egitaraua
Batetik, zeinu hizkuntza tailerra eta mimo ikuskizuna egingo dituzte, 11:00etan hasita, Plaza Nagusian. Plazan ere, Ordiziako ikastetxeetako haurrek egindako Pertsona gorren komunikaziorako oztopoak marrazkien erakusketa ikusgai egongo da. Azken horren harira, alkateak adierazi du, garrantzitsua dela eskolekin bat egitea eta txikitatik erakustea batzuentzat badaudela «komunikatzerako orduan zailtasunak».
Bestetik, arratsaldean, bi hitzaldi izango dira, 17:30ean hasita, Barrenan. Jose Martin Saezek, Euskadiko haur gorren eskolek eta pertsona gorren elkarteek, zeinu hizkuntzaren epizentro bezala daukaten rola aztertuko du. Santiago Frigolak, berriz, Zeinu hizkuntza katalana, Kataluniako ondare linguistiko eta kulturala izango ditu hizpide. Izena eman behar da gainditzent-g@hotmail.com epostara idatzita.
Gainera, herriko denden erakusleihoetan pertsona gorren komunikaziorako oztopoen ilustrazioen erakusketa jarriko da, irailaren 28ra arte.












