Alex Aranburuk hiru urteko kontratua sinatu du Movistar taldearekin
Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarra Movistar taldean ariko da datorren denboraldian. Astana taldea utzi eta hurrengo hiru urteetarako kontratua sinatu du talde berriarekin, 2022-2024 eperako. Murias, Caja Rural eta Astanan izan ondoren, laugarren taldea izango da Aranbururentzat. «Taldeko jende dezente ezagutzen dut eta giro ona izango dugula uste dut. Ilusio handiarekin ekingo diet hurrengo hiru denboraldiei», adierazi du ziklistak ohar batean.
«Txirrindulari eta pertsona bezala handitzen» segitzea eta «urtero hobetzen» jarraitzea espero du Aranburuk, «denon artean gauza politak lortzeko». Denboraldi bikaina egin du Ezkiokoak aurtengo denboraldian. Euskal Herriko Itzuliko etapa batean irabazle, seigarren Omloop Het Nieusblad-en, zazpigarren Milan-San Remon, lehen hamarren artean Dauphine-ko lau etapatan eta Tourreko beste bitan. Munduko txapelketan ere izan da hil honetan, nahiz eta karrera utzi behar izan zuen erorketa baten ondorioz.
Baieztatu gabe
Udan zabaldu zen Aranburuk Movistarrekin sinatu zezakeela, eta zurrumurru horren arabera, Gorka Izagirrek ere Movistarrekin fitxatuko luke hurrengo denboraldirako. Gorka Izagirreren fitxaketarena, halere, ez dute baieztatu oraingoz.













