EH Bilduk uraren prezioa jaisteko eskatu die EAJ eta PSE-EE alderdiei
Zumarragako eta Urretxuko EH Bilduk uraren «tarifazoarekin» berehala amaitzeko eskatu diete bi udaletan gobernuan dauden PSE-EEri eta EAJri. «Datozen asteetan 2022rako ordenantza eta tasak onartuko dira eta orain da tarifak erradikalki jaisteko unea. Udalek orain dute erabakitzeko aukera: Aquarberen irabaziak bermatu nahi dituzten edo herritarren onura lehenesten duten».
EH Bilduk azaldu duenez, Facua kontsumitzaile elkarteak egindako azken azterketaren arabera, Zumarragako eta Urretxuko uraren tarifak Gipuzkoako eta EAEko garestienak dira. Baita Espainiako hiririk garestiena baino garestiagoak ere. «Argi eta ziurtatua geratu da gainera, tarifak Aquarberen irabaziak bermatzeko diseinatu direla eta hori ikuspegi sozial eta ekitatibo batetik salagarria eta onartezina da».
EH Bilduren ustez, elektrika handiek elektrizitatearekin egiten duten gauza bera egiten du Aquarbek urarekin. «Negozioa eta espekulazioa. Horregatik dugu urik garestiena. Oinarrizko baliabide batekin negozioa egiten dute eta ahalik eta preziorik garestienean kobratzen saiatzen dira. Kasu honetan are eskandalagarriagoa da, tarifak ezartzeko gaitasun eta kontrol osoa baitute udalek. Bi tarifazo jasaten ari gara beraz Zumarragan eta Urretxun: elektrikena eta urarena».
EH Bilduk Zumarragan eta Urretxun proposamen bateratua egingo du egoera aldatzeko.













