Gorka Izagirrek bi urteko kontratua sinatu du Movistarrekin
Gorka Izagirre Ormaiztegiko txirrindulariak beste talde bat izango du datozen bi denboraldietan. Astanan hiru denboraldi egin ondoren, Movistar taldearekin kontratua sinatu du 2022-2023 denboraldietarako. Ezaguna du taldea Izagirrek, Movistarren ibili baitzen 2014 eta 2017 urteen artean. Txirrindulariaren «konstantzia, sakrifiziorako gaitasuna eta bide guztietara moldatzeko gaitasuna» azpimarratu ditu Movistarrek sarean zabaldutako ohar baten bidez.
Izagirre «etxera itzultzeaz» pozik agertu da, 2014tik 2017ra bertan bizi izandako lau urteak «bere karrera profesional zein pertsonaleko onenak izan zirelako»: «Mundua ezagutu dut eta orain etxera itzuli naiz». Astanan lan ona egin eta gero itzuliko da ormaiztegiarra: 2019ko Tour de la Provence-eko eta 2020ko Gran Trittico Lombardoko irabazlea izan zen, eta 2019an Donostiako Klasikoan laugarren postua lortu zuen.
Bosgarren fitxaketa
Ion Izagirre anaiarekin ibili da Gorka Astanan 2019tik, eta bide desberdinak izango dituzte datorren denboraldian. Ion Izagirrek Cofidis taldearekin sinatu du denboraldi baterako. Alex Aranburu orain arte Astanan taldekide izan duena ere taldekide izango du Movistarren Gorkak. Bi goierritarrez gain, Oscar Rodriguez, Max Kanter eta Oier Lazkano ere fitxatu ditu Movistarrek datorren denboraldiko taldea osatzeko.












